1969an Parisko Gotzain laguntzaile izendatua izan zen eta urtebete geroago Marseillako Artzapezpiku. 1979an kardinal izendatu zuen Joan Paulo II.ak. Aita Santu izateko kinielatan ere egon zen, baina 80 urteak gaindituta zituela, ez zuen parte hartu Benedikto XVI.a izendatu zuten konklabean. 2014an Frantziako Gurutze Handiaren domina eman zioten. Gurutze Handia Ohorezko Legioaren mailarik handienekoa da Frantzian.
Kardinal izendatu ondoren, Vatikanoak munduan zehar izan zituen arazo diplomatikoetan beti agertzen zen Etxegarai. Ez zitzaion batere gustatzen diplomatiko hitza bere kasuan. “Misio edo eginkizun humanitarioetan” jarduten zela esaten zuen; bere lana: “elkar joka ibiltzen diren jendeak hitzetara edo elkarrizketara eramatea zen”. Norbaitek deitu zion “elkarrizketaren artisaua” .
Ibilbide diplomatiko horietan besteak beste, Palestinan izan zen; “bakea ez da biharko”, esan zuen nahiko ezkor hango giroa ikusita. Iraken ez zuen lortu Sadam Husseinek atzera egitea, nahiz eta ahalegin guztiak egin zituen. Agian bere bizitzako arrakastarik handiena Kuban lortu zuen. Joan Paulo II.aren topaketa Fidel Castrorekin Etxegaraik prestatu zuen: nora joan, norekin batzartu, zer esan jendaurreko ekitaldi bakoitzean. Dena josten jardun zuen eta baita lortu ere bi lider historikoen arteko elkartzea. Euskal Herriko gatazkan bake bideak aurkitzen saiatu zen, baina bere rola oso diskretua izan zen, dendostekoa nolabait esateko. Burutu zituen adiskidetze lan horiengatik “bake eta elkarrizketa gizon” deitu dio Frantzisko Aita Santuak.
Kristautasun ireki baten aldeko apustua egin zuen beti. Vatikano II.aren hatsak markatu zuen betirako; Kontzilioan aditu ofizial gisa aritu zen. “Ecclesia semper reformanda” esaldia erabiltzen zuen askotan, alegia, elizak berritzen joan behar duela beti. Halere, “elizak maitatua izan behar du, erreformatua baino gehiago” zioen askotan.
Bere haurtzaroak markatuta utzi zuela zioen, zentzu baikorrean noski; “Choko Maïtia” baserrian ikasi zuen elkar laguntzea, partekatzea eta zein garrantzitsua zen herritarren arteko batasuna. Gehien aipatzen zuena zen, txerria hil ondoren nola banatzen zituzten auzokoen artean odolkiak eta beste zenbait txerriki. Bere amak zerrenda luzea egiten omen zuen, urteko luzatzen zena gainera eta Roger mutil koskorra han joaten zen baserriz baserri odolkiak elkarbanatzen. “Ekintza hauek moldeatu zuten nire haurtzaro osoa, hauek bihurtu zuten Battittaren semea ebanjelioko baloreetan sendo oinarritutako kristaua”, adierazi zuen “La croix” aldizkarian. Zer ikusi, hura ikasi esaten dugu eta egia da Etxegarairen kasuan. Tradizio hau Gazteluko baserrietan ere bazen; zenbat aldiz banatu ote nituen neuk inguruko etxeetan gure amak zesto batean txukun-txukun bilduta jartzen zizkigun odolkiak eta beste zenbait txerri zati. “Ez dago benetako giza aurrerapenik herrien arteko elkartasunik gabe”, esan Etxegaraik eta arrazoi zuen.
Dozena erdiren bat liburu idatzi zituen euskal unibertsal honek, baina ospetsuena “j’ai senti battre le coeur du monde” (munduko bihotzaren taupadak entzun ditut); bere oroitzapenak dira Bernard Lecomte kazetariarekin egindako elkarrizketa batean jasoak. Dokumentu paregabe honetan ezagutu dezakegu barrendik egungo Elizaren historia espirituala, politikoa eta diplomatikoa.
Etxegarairen “enpatia, gertutasuna eta munduko bakearen alde egin zuen lan nekaezina” aipatu zuen Urkullu lehndakariak. Goian bego.