Nahiz eta parroko berria Francisco José Porgueres (alias “Toché”) izan, Katekesi arloa gure esku utzi zuen; izan ere, esperientziarik ez du katekesian eta euskara ez du zipitzik hitz egiten, nahiz eta ia hogei urte daramatzan Donostian. Jose Inazio Munillari esan nion Opusekoa bidali nahi bazuen Ibaetara, gutxienez euskara jakin zezala. Ez zidan kasurik egin. Gauzak horrela, maiatzaren erdi aldera bukatu genituen lan guztiak: Jaunartzeak, sendotzak, “merendolak”… Parroko berriaren esanetan dena oso ondo, guztiz kontent gure lanarekin. Mezak ere festa bihurtzen genituen. Ez didazue esango hori miraria ez denik, ezta?
Abuztuaren erdi aldera ez digu ba esaten katekesiko arduradunoi gehiago ez zuela gurekin kontatzen! Bera eta bere lagun bat arduratzen zirela dotrina emateaz.
Katekesi urtearen amaieran ez nuen izan gurasoei agur esateko aukerarik, ez bainekien aldaketa hori gertatuko zenik. Kartatxo bat idatzi nien esanez eskertzen niela hamabi urtez nigan jarri zuten uste ona edo konfiantza. Aurrerantzean nik jarraituko nuen parrokian (Añorgako parrokoa naiz) ateak irekita egongo zirela nigana etorri nahi izanez gero. Munillari ez zitzaion asko gustatu nire gutuntxoa, baina nik adierazi nion eskubide osoa nuela gurasoei agurra esateko. Elkarrizketa horretan esan nion katekesiko gurasoek ez zutela ezer jakin nahi Opusekin (parroko berria erakunde horretakoa baita) eta alde egingo zutela ziur aski parrokiatik. ”¿Qué? ¡Habrá una estampida, entonces?”. “Bai, oraintxe esan duzu hitz aproposa”, erantzun nion. Bai hala gertatu ere. Ia guraso guztiek (%85 nire ikasle izanak Santo Tomás Lizeoan) Añorgara ekarri zituzten beren haurrak; gutxi batzuek Benta Berrira.
Bederatzi katekistek dimititu egin zuten eta orain Añorgan ematen dute dotrina. Dimisioaren zergatia erraz ulertzen da: Katekista horiek ez dute inongo loturarik Opusekin, beren ideiak eta Parrokoarenak zerikusirik ez dute gai batzuetan. Adibidez: guk aitortza komunitarioak egiten genituen; parroko berriak, aldiz, gurasoak eta haurrak bakarka pasa nahi ditu konfesalekutik... Bakarkako aitortzari buruz Añorgako ama gazte batek esan zidan behin: “aitortza izan da nire bizitzan jasan dudan umilaziorik handiena”. Hori bezala beste zenbait arlotan ere ideia oso ezberdinak dituzte, beraz, ezin kolaborazio sano bat antolatu.
Gure parrokian bi elkarte daude Donostian beste parrokietan gertatzen denaren antzera: kontzilio aurreko erritoei, tradizioei eta hizkuntza teologikoari jarraitu nahi diotenenena eta orain dela hirurogei urte ezagutu genuen eliza estiloa guztiz berritu nahi dutenena. Lehenbizikoak izango lirateke Opusen inguruko ideiak dauzkatenak eta bigarrenak berriz, lehengoari eutsi bai, baina berritzen joan nahi dutenak. Gizarteak aldaketa handiak eman ditu azken urte hauetan eta katekesiak ere aldatzen joan behar du: hizkuntza berri bat aurkitu, erritoak (mezak, sakramentuak eta abarrak) beste modu batera ospatu eta guk erabiltzen dugun argot teologiko hori itzuli beste hitz xinpleagoak erabiliz; horrela bakarrik uler dezakete eliztarrek. Batez ere gaztetxo eta gazteekin gabiltzanontzat premiazkoa iruditzen zait niri erakutsi zidaten dotrina beste modu batera irakastea, ebanjelioak berri ona izan behar badu gure gaztentzat erraz ulertuko duten eran aurkeztea. Duela hirurogei urteko eskemek ez dute balio gaurko jendearentzat.
Gotzainak galdetu zidan ea zer egiteko asmoa nuen aurrerantzean. Zubi izaten jarraitu nahi nuela esan nion. Opusen planteamenduekin jarraitu nahi dutenen eta planteaketa berriak gustatuko litzaizkiekeenen artean. Euskarari ere garrantzia handia ematen diot eta Ibaetan (Donostian dagoen auzo euskaldunena agian) euskararen presentzia handia eskatzen dute eliztarrek. Parrokoak tutik ez dakienez, nik betetzen dut hutsune hori. Arazoak arazo, esperantzarik ez dut galtzen behintzat.