Kubako Errepublika osoa zeharkatu dugu azaroaren 11tik 22ra. Santiagon hasi eta La Habanan bukatu. Mila eta berrehun kilometro. Autobusean ordu asko samar pasa ditugu, baina herri bat ondo samar ezagutzeko modu bakarra da.
Leku seinalatuenak ezagutu ditugu, hala nola: Santiago: Moncada Kaserna; han hasi zuen Fidel Castrok bere iraultza Batista diktadorearen aurka Sierra Madretik jaitsi ondoren dozena bat gerrillarirekin; gaur eskola bihurtu dute toki berezi hori; hor ikusi nituen haurrak geletatik irteten, denak uniforme polit batez jantzita; Fidel Castroren hilobia. Trinidad: Unescok gizadiaren ondare izendatu zuen; Cayo Santa Maria: Kubako hondartzarik ederrenetarikoa; La Habana: bertako gotorlekua, Kapitolioa, katedrala, bahia, Tropicana (La Habanako “Moulin Rouge” gisako festa gunea), iraultzaren plaza eta abar.
Kubatarren umoreak eta bizipozak harritu nau gehien. Ez dute ezer askoren beharrik irribarretsu agertzeko, kantatzeko, dantzatzeko. Ondo abesteko ron tragotxoa behar omen dute: “la trova (poesia musikatua) sin trago se traba” diote, alegia, bizigarririk gabeko kanta zozoa geratzen dela. Rona patar famatuari beren “bitamina R” deitzen diote. Kaleetan eta tabernetan taldetxoak ikusten dira dantzan eta kantuan. Abesti eta dantza tropikal franko entzun eta ikusi dugu. “Estamos hechos de música”, dio Kubako idazle batek; musika maite dugunontzat paradisua da Kuba.
Fidel Castroren iraultzari buruz zer esan? Alderdi positibo asko ditu zalantzarik gabe: osasun arloan medikuntza doan dute guk bezalaxe. Hezkuntzan: haur guztiak eskolatuak daude, unibertsitatera herritar edonor joan daiteke batxilergoa ondo gainditzen badu, ez dago elite bati erreserbatuta Hego Amerikan eta Ertamerikan gertatzen den bezala ia nonahi. 1961ean Kuba analfabetismorik gabeko lurraldea zela zioen Fidel Castrok. Razionamendu kartilla edo janari otarreari esker goserik ez dago Kuban. Oro har, haur sanoak ikusten dira. Jakina, iraultzak alderdi ezkorrak ere izan ditu, eta batez ere askatasun falta: gure gidariari, umore ederrekoa eta kultur handikoa, eskatu nionean ea egiten zigun iraultzaren balantzea, niri bakarrik egingo zidala esan zidan eta ez talde osoari.
Guk askatasuna deitzen diogun horri “libertades burguesas” deitzen zien Fidel Castrok. Baina libertateak ez dauka zerikusirik burgesiarekin. Pertsona ororen oinarrizko eskubidea da askatasuna. Ignacio Ellacuriak esaten zuen oraindik asko gelditzen dela Kubako erreboluzio horrek ongizatea ekar dezan guztientzat, baina bizitza nahiko duina lortu duela behintzat gehiengo zabal batentzat.
Txofer xume batek esan zigun kubatarrak zoriontsu bizi direla. Nola demontre bizi dira pozik hain pobreak izanik? Zoriontasuna azken batean norbere baitan dago nonbait eta hori aspaldidanik ulertu zuten kubatarrek. Ni pilak kargatuta itzuli naiz etxera.