Eutanasia

Erabiltzailearen aurpegia

Eutanasia hitzak heriotza ona esan nahi du, sufrimendurik gabea. Eutanasiaren legea eztabaidatzen ari dira egun hauetan Espainiako legebiltzarrean. Ziur aski onartua izango da oraingoan; izan ere bi aldiz saiatu ziren lehen ere, baina bertan behera utzi beharra izan zuten hauteskundeak zirela eta. Orain, aldiz, ez dirudi oztopo handiegirik izango denik eutanasiaren legea onartzeko, gehiengoa alde baitago.

350 diputatu daude legebiltzarrean eta horien artean 140k emango diote ezezkoa lege berriari. PPkoak eta Voxekoak dira. Sozialistek tesi hau aldarrikatzen dute: guk bizia defendatzen dugu, baina ez bizitzeko obligazioa norbaitek bere bizitza sufrimendu huts bihurtu dela adierazten duenean, bere osotasun fisikoa eta morala guztiz hondatuta edo erosionatuta sumatzen dituenean. Inork ezin ditu behartu eri horiek baldintza txarretan bizitzera.

Testu honen erregulazioak darama berekin Kode Penala aldatzea, lege organikoaren maila baitu. Beraz, legearen protokoloari jarraituz laguntzen bazaio gaixoari, inor ez da delitu baten erantzule izango. Zein protokolo edo prozesu jarraitu behar da? Lehenbizi, adin nagusikoa izan behar du eta ezaguera osokoa eutanasia eskatzeko; adin txikikoek eta erabakiak hartzeko gai ez direnek ezin dute eskatu. Bigarrenez, eskaera hori ezin du egin beste pertsona batek; edozein unetan indargabetu daiteke gainera. Eta hirugarrenez, testiguak behar dira, horien artean osasun arloko profesionalak eta komisio kontrolatzaile bat. Hilabete baino gehiago ez luke pasa behar gaixoak sendagileari egin dion eskabidea bete ahal izateko.

Gai hau oso konplexua da, askotariko ertzak ditu. Iritziak ere oso ezberdinak daude eutanasiaren gainean; nola ez ba, “zenbat buru hainbat aburu” dio gure esaera zahar batek. CISek dioenez, ehuneko 70ak nahi du eutanasia erregulatzea; katolikoen artean %60k. Teologo batzuek diotenez bizia da Jainkoak eman digun erregaliarik ederrena, baina bera bakarrik da jabea. Beste batzuen iritziz norberak administratu behar du bizia autonomia osoz. Talde handi baten arabera, zainketa paliatiboak edo aringarriak landu behar lirateke batez ere. Beroien helburua: sufrimendua gutxitzea da eta bizi kalitatea hobetzea.

Javier Sádaba filosofo ospetsuaren ustez “hay que decir que morir dignamente significa respetar la libertad del individuo al final de su vida”. Duin Hiltzeko Eskubidearen aldeko elkarteak dio: “Bizitza eskubidea defendatzeak ez du esan nahi pertsona bat bizitza ez duina eramatera behartu behar duzunik onartezina den sufrimendura eta nahi ez duen bizitza batera behartu behar duzunik”. Joan Mari Irigoien (Altza,1948) idazleak ELA gisako gaixotasuna dauka eta hurbil ikusten du heriotzaren ordua. Eutanasiaz: “nik badakit zer iturritik edan dudan neure galdera existentzialei erantzun egokia (?) emateko. Argi daukat kristau tradizioa izan dudala erreferentzia nagusia. Zertara etorri zen Kristo, oinazea santifikatzera edo hura murriztera? Nik ez daukat dudarik. Kristok, izan ere, herrenak sendatzen zituen, baita gaixo errukarri sentitzen ziren guztiak ere. Kristo ez zen, beraz, masokista inpenitente bat, baizik eta oinazearen aurka borrokatzen zen gizon ezin eskuzabalagoa”.

Eta amaitzeko, bere poesia baten zatitxo hau: “Printzesa urrun baten izena duzu, Eutanasia, / baina nik gertuago nahi zintuzket./ Zu, Eutanasia, ene azken orduko esperantza; /zu, azken hatsa/ zu, ene Buda errukibera;/ barkatu atrebentzia, hurrengoan Eutanaxi deitzen badizut…”.