Poeta eta iraultzailea

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2020ko mar. 17a, 07:26

Martxoaren batean  zendu zen Ernesto Cardenal, apaiz, poeta, mistiko eta iraultzailea. Nicaraguan jaio zen 1926an eta berebiziko garrantzia izan zuen Hispanoamerika osoan, ez soilik poeta handia izateagatik, Askapen Teologiaren sortzaileetako bat izateagatik ere bai. 95 urte zituen eta Nicaraguako hiriburuan hil zen.

Teologia Mexikon ikasi zuen eta 1965ean apaiztu egin zen. Hasia zen garai hartan  Askapen Teologia zabaltzen Latinoamerikan eta Cardenalek bat egin zuen mugimendu horrekin. Hitz batez esateko, mugimendu horrek pobreak defendatzen zituen eta txiroekin bat egin. Hauentzat kristau erlijioa baliabideetako bat zen borroka horretan. Hain zuzen ere, “El Evangelio en Solentiname” (Ebanjelioa Solentinamen) liburuan agertzen du bere pentsamendu iraultzaile hori.

Urte horietan sortu zen Fronte Sandinista; bere helburua: Anastasio Somoza kargugabetzea. Talde horrekin bat egin zuen Cardenalek eta 1979an iraultza irabazi ondoren, Kultura ministro izendatu zuten. Vatikanoak  ez zuen onartu eta biziki haserretu zen. 1984an Joan Paulo II.ak apaizgoan aritzea debekatu zion (“suspensión a divinis”). Debeku honek indarrean jarraitu zuen duela urtebete arte. Frantzisko Aita Santuak altxa zion zigorra. 1994an utzi zuen Cardenalek mugimendu sandinista; “diktadore gisa” aritzea egotzi zion Daniel Ortega presidenteari. Lau alditan izan zen Literaturako Nobel saria irabazteko hautagai. Bere lanak beste sari asko jaso zituen, besteak beste: Iberoamerikako poesiaren Pablo Neruda saria 2009an, Sofia Erregina poesiaren saria 2012an.

Irudi bat gelditu zitzaidan betirako grabatuta, 1984an gertatua. Joan Paulo II.a Managuako aireportura iritsi zen eta Daniel Ortega presidentea eta bere ministro guztiak zain zeuden Aita Santuari ongietorria emateko. Honek agurtu zituen denak banan-bana eta E.Cardenalengana iritsi zenean, hau belaunikatu egin zen Aita Santuaren bedeinkapena eskatu eta eskuan muin egiteko asmoz. Orduan Wojtilak erretiratu egin zion eskua eta keinu mehatxugarriz esan zion: ”errekontziliatu egin behar duzu Vatikanoarekin”. Nik ez dut beste munduko memoriarik, baina, eszena hau ez zait inoiz ahantzi.

Poesia eta iraultza, horra hor Cardenalen bi zutabeak. Poeta mistikoa, baina errealitatean oinarritutako poesia zen berea. “Desde los profetas, la poesía es anuncio y denuncia”, esaten zuen. Kosmos osoarekin lotuta sentitzen zen eta sentimendu horren mezulari izan zen. “El cosmos canta. ¿Oís esas estrellas? Es el amor que canta. El universo es amor. Sólo el amor es revolucionario. El odio es siempre reaccionario. Amar es eterno”. Aldi berean iraultzailea, eta hori bere kristau sinesmenak bultzatuta. “Entre cristianismo y revolución no hay contradicción” esaten zuen. Vatikanoak Somoza diktadorearekin bat egin zuen bezala, Cardenal xumeen defendatzaile bihurtu zen. Beti bezala, kristauen artean bi mugimendu zeuden orduan ere: botere bila zebiltzanena (Vatikanoa) eta txiroekin bat egiten zutenena. Hauen artean zegoen Cardenal. Ahaztuekin eta baztertuekin elkartu zenean aurkitu zuen gizaki ororen neurrigabeko duintasuna eta batez ere baztertuena. Apaltasunez bizi izan zen eta bere bizitzan bat egiten jakin izan zuen poesia eta kristau konpromisoa. Goian bego.