Elkarte batzuk sortu direla irakurtzen nuen eginkizun zail horretan laguntzeko asmoz, adibidez, Hil Argi, Dolulaguna, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri duen Betirako... Denek lagundu nahi diete dolu hori emankorragoa izan dadin eta berandu bada ere, behar den bezalako azken agur sozial nahiz intimo egoki bat eskaintzeko hil denari. Hil Argi Elkarteko kide Nere Urkiagak honela dio: “jaio egiten garen bezala, hil egiten gara. Ezin diogu ihes egin eta ezin dugu ostrukarena egin. Heriotza ez da bizitzaren kontrakoa, beregan dago. Osatu egiten du eta ezin diogu bizkarra eman”. Enfoke asko ditu heriotzak: pertsonala, intimoa, erlijiosoa, dolua. Elkarte hauek gizarte eta kultura mailako enfoke bat eman nahi diote. Batez ere isolamendu edo konfinamendu egoeran joan direnei omenaldi ekitaldiak eskainiz. Heriotza hauen humanizazioa landu nahi dute, elkartasuna adieraziz eta bizitza guztien balio handia azpimarratuz.
Heriotzak duen tabu kutsua kendu nahi diote. Tabu hitzak jatorri bitxia du. Hain zuzen, Frantziar Polinesiatik ekarri zuen berba hau James Cook nabigatzaileak eta guztiz debekatuta dagoen zerbait adierazi nahi du polinesiarren hizkuntzan. Naturaz gaindiko indarren batzuekin erlazionatuta zeuden tabuak eta ezin ziren ukitu ere, bestela jainkozko zigorren bat jasango zenuen. Leku askotan heriotza ezkutatu egin behar da, zoritxarren bat ekar diezazuke eta.
Konfinamendu garai honetan nik izan ditudan bizipenek ez naute batere traumatizatu. Zorionez bigarren fasean ospatu nuen azken agur laiko bat, nahiz eta nire ukitu espirituala eman nion. Errekaldeko tanatorioan izan zen. Han bildu ziren hildakoaren bi semeak (bat ikasle izan nuen gure ikastolan) beren emazte eta haurrekin. Guztira hamaika pertsona bildu ginen. Poz handia hartu nuen lau gaztetxo haiek aitonaren gorpuaren inguruan ikusita. Adin horretakoak ikustea hildakoaren alboan ez da oso ohikoa. Jada ulertu dute gaztetxo horiek heriotza bizitzaren parte bat dela. Beti esaten diet gaztetxo eta gazteei gauza bera edo beretsua une horietan: heriotzaren aurka borrokatzeko bide egokiena biziari kantatzea dela, bizitza biziari kanta bihurtzea. Adibide batzuk ere ematen dizkiet esaldi potolo samar hori uler dezaten. Esaldi hori Joxean Artzeri hartu nion: “bizi naizeño, bizia kantatuko dut”, dio poema batean. Une horietan aurrez aurre dauzkadan haur, nerabe eta gazteak dira niretzat sakratuenak. Erraz manipula daitezke eta horixe ez nuke nahi, alderantziz baizik, lagundu nahi nieke, neurri xumean bederen, bizitzari zentzu egoki bat ematen. Ostegun honetan 3. fasean geunden eta lagun bat lurperatzeko unean familiarteko hogeita hamar bat pertsona bildu ziren eta horien artean dozena bat nerabe eta gazte. Nire gogoetatxoa bukatu eta Gure Aita errezatu ondoren, hildakoaren bilobetako batek Xabier Leteren “izarren hautsa” entzunarazi zigun. Mikel Laboaren bertsioan. Oso hunkigarria benetan. Honela dio abestiak: “izarren hautsa egun batean/bilakatu zen bizigai,/hauts hartatikan uste gabean/noizpait ginaden gu ernai”. Hileta iluntzean ospatu genuen.