Bere biografia azaltzerakoan honako datu hauek aurreratuko nituzke: Erroman jaio zen 1928an. Bere aita tronpeta jotzailea zen eta beraz, etxean bazuen musikaren tradizioa eta 9 urterekin hasi zen piezatxo batzuk konposatzen. Bere musika ikasketak Alessandrini musikariaren gidaritzapean egin zituen. Maisu honekin landu zituen konposizioa, tronpeta eta koru-kanta. Maria Traviarekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zituen. 60 urtez bizi izan ziren elkarrekin.Beti esaten zuen emazteari ez ziola eskaini behar hainbat denbora, lanez gainezka egon zelako beti. Ikasketak amaitu ondoren sos batzuk irabazteko jazz klubetan lan egin zuen, piezatxo batzuk ere konposatu zituen irratirako. Duela gutxi etxe istripu batean femurra hautsi zuen eta ordutik ospitaleratuta zegoen.
Konpositore bezala batez ere soinu bandek bihurtu zuten hain ospetsua. 500 bat baditu guztira. Gehien gustatzen zaizkidanak bi hauek dira: “The mission” eta “Cinema paradiso”-renak. Hain zuzen ere “Cinema paradiso”ren Love theme lantzen ari nintzen pianoan bere heriotzaren berri jaso nuenean. Atzo gauean eman zuten pelikula hori telebistan Morriconeren omenez. Egia esan musika aparta du, baina filma astun samarra egin zitzaidan une batzuetan. Niretzat soinu banda guztien artean ederrena “The mission”-ena da. Ehunka eta ehunka aldiz jo dut organoan nahiz pianoan “Aita Gabrielen oboea” banda horretako zatia: ezkontzetan, hiletetan, lagunartean emandako kontzertutxoetan… Hain da hunkigarria eta halako mezua transmititzen du! Lagun batek baino gehiagok eskatu dit: “Luis, nire hiletan Aita Gabrielen oboea jo mesedez”. Gure ikastolako DBHko bigarren urteko neskato eta mutikoentzat botatzen nuen “The mission” filma. Historia ezaguna da: Aita Gabriel jesuita Iguazu ur jauzien inguruan dagoen guaraniar tribuetara igotzen da kristau fedea zabaltzeko asmoz. Ordu arte misiolari guztiak akabatzen zituzten ur jauzietatik behera botata, esklabo tratantetzat hartzen baitzituzten. Gabriel bakar bakarrik iristen da gora, esertzen da basoan harkaitz koskor baten gainean, ateratzen du zorroan zeraman oboea eta hasten da jotzen denok ezagutzen dugun melodia paregabe hori. Guaraniarrek, armez josita, inguratzen dute fraidea hiltzeko asmoz. Baina, musika hori entzuten dutenean konturatzen dira tipo hori anaitasun sentimenduz beteta datorrela, ez duela beraietaz aprobetxatu nahi, konpartitu baizik. Onartzen dute beraien artean eta sekulako lanak egiten ditu tribukoak defendatzeko portugaldar eta espainiar esklabo tratanteengandik.
Musika estilo berezia zuen: bere betiko erronka izan zen musika berria sortzea eta aldi berean herrikoia izatea.Biak uztartzen ez da erraza, baina Morriconek lortu zuen. “Konposatzen dudanean beti sentitzen dut ardura handi bat: zerbait guztiz originala probatu nahi izaten dut eta era berean, ulertua izango dena”, esaten zuen. Bere konposizioetan erabiltzen ditu txistua, tiroak, animalien eta txorien hotsak, zartadak...Bere egiten zituen konpositore baten hitzak: ”musika orok joan behar du berrikuntza baten bila”.
Sari asko irabazi zituen bere bizitzan, besteak beste bi Oscar, sei Bafta, hiru Urrezko Globo eta abar. 70 milioi disko ere saldu zituen.
Erreakzio franko izan da bere heriotzaren ondoren.Laurentis zinemako produktorearen hitzekin gelditzen naiz: ”Morriconeren musika gai izan da denok biltzeko maitasun besarkada batean”. Ziur aski zeruan ere partitura dotoreren batzuk konposatuko ditu zerutar orkestrek eta koruek interpreta ditzaten.