Vademecuma

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2020ko ira. 16a, 09:06

Bazen garaia. Aleluia! Inork ulertzen ez duen atzerapenarekin, baina azkenean Vatikanoak aurkeztu zuen duela hilabete pare bat “vademecum” gisako liburuxka.

16 orrialde besterik ez ditu, baina aurrerapauso handia  eman du Vatikanoak haur eta gaztetxoen aurka eginiko gehiegikeria sexualak zigortzeko. Bere helburua da abusu horien gainean gogoeta serio bat egitea eta behartzea apaiz eta erlijiosoen arduradunek 21 arau praktiko horiek bete ditzaten berriro abusu kasurik gertatuko balitz beren esparruetan. Nolabait esateko, proposamen sail honetan aholku eta agindu garbiak  ematen dira gotzainek eta fraide buruek zer egin jakin dezaten une bakoitzean.

 

Bi berritasun nagusi agertzen dira “vademecum” honetan:

1.- Lurralde bakoitzeko  legeak errespetatzeaz gain, arduradunak, apaizak, fraideak eta serorak  behartzen ditu salatzera abusu guztiak lekuko autoritate zibilei, baita zenbait nazioetako lege penalak ez badu exijitzen ere. Helburua da defendatzea abusatua izan dena edo izateko arriskuan daudenak. Betebehar hau Frantzisko Aita Santuak ezarri zuen iazko “Vos estis lux mundi” (Zuek zarete munduaren argia) dokumentuan. 

2.- Bigarren berrikuntza garrantzitsua: fraide buruak eta gotzainak ikertzera beharturik daude salaketa klase guztiak:  anonimoak, komunikabideetan agertzen direnak eta baita sare sozialetan ere. Ezin dute aitzakiarik atera esanez biktimak ez dituela salatu. Lehen horrela egiten baitzen askotan. Sarritan abusatuak ez zuen salatzen jasan zituen trauma psikologikoak ez zituelako berritu nahi. Eta datu horiek guztiak  gorde egin behar dituzte artxiboetan, baita guztiz sinesgarriak ez diren salaketak ere eta dokumentu horiek  autoritate zibilaren esku jarri.

 

Dokumentuaren 21 arauen artean honako hauek azpimarratuko nituzke:

A.- Biktimak  babestu, lagundu eta zaindu egin behar dira.

B.- Apezpikuen zein erlijiosoen formaziorako ekimenak bultzatu sexu abusuek dituzten ondorioez kontzientziatzeko.

C.- Egiazko eta gezurrezko kasuak ezberdintze aldera, besteak beste, komunikabideekin elkarlanean aritzea.

D.- Ikerketan eta abusuengatik egiten diren epaiketa kanonikoetan aditu laikoak aritzea.

E.- Apaizgaien eta elizgizon izateko hautagaien artean aurretiazko formazioa ematea, heldutasun espirituala eta psikologikoa  sendotzeko.

F.- Delituak salatu nahi dituzten biktimentzako erakunde bat sortzea, Elizaren tokiko agintaritzarekin zerikusirik ez duena, eta aditu laikoez eta eliztarrez osaturik dagoena.

Ze aldaketa, jaun-andreok! Duela gutxi arte gorde edo tapatu egiten zuen Elizak abusu kasu oro. Elizaren izen ona salbatzea garrantzitsuago baitzen abusatuei gertutasuna eta laguntza agertzea eta justizia egitea baino. Éric Colomer zinegile frantsesak dokumental gogor bat aurkeztu zuen duela gutxi Arte katean apaizek bortxatutako mojei buruz. Bertan dio: “Elizaren historian emandako suerte guztietako abusuak, pedofiliakoak edota seroren bortxaketak, Vatikanoak horiek denak ezabatu edo baztertu izan ditu sistematikoki”.

Aurrerantzean ez da gelditzen  zirrikiturik abusuak tapatzeko. Arau multzo garbia jarri  du Elizak gai honen gainean. Zabar samar edota axolagabe jokatuz gero, “ipso facto”  edo kolpetik kargua uztea eskatuko diote delitugileari eta justiziaren aurrera eramango dute. Badut esperantzarik.