Iparragirreren biografia laburtzen ez da erraza, baina saiatuko naiz bere bizitzaren une nagusienak azaltzen. Urretxun jaio zen 1820ko abuztuaren 12an. 14 urterekin soldadu bihurtu zen. Lehen Karlistaldia hasia zen eta Espainiako koroa eskuratzeko borroka dinastikoa izan zen gerra hori. Milaka euskal herritarrek beren eskubideen aldeko borroka gisa ulertu zuten gerra hori eta Karlos Borboikoaren alde hartu zituzten armak. Pare bat aldiz zauritua izan zen. Gerra galdu eta erbestera alde egin zuen Dantxarineatik barrena.
19 urterekin utzi zuen Euskal Herria “bizitzaren onenean”, bere esanetan. Paris, Lille, Lyon bisitatu zituen. Frantsesa ikasi zuen, frantses idazleak irakurri, kantua ikasi du eta uzten zioten toki guztietan kantatzen zuen eta ezagun egin zen dirudun jendearen etxe zaharretan zein kale kantoietan. Frantziako errepublikazaleen ereserkia kantatzeagatik atxilotu eta Frantziatik bota zuten.
Europan zehar hainbeste urte egin ondoren, 1851n Euskal Herrira itzuli zen. “Gernikako arbola” zortzikoa sortu eta kantatzen hastearekin batera, erabateko fenomeno mediatiko bihurtu zen Urretxuko bardoa. Jendea kantuz berotzen zuela eta, atxilotu egin zuten Tolosan. “Zibilak esan naute/biziro egoki/Tolosan bihar dala/gauza erabaki. Giltzapian sartu naute/ poliki-poliki/ negar egingo luke/nere amak baleki”, dio bere zortziko famatuan.
Argentinara alde egin eta Anjela Kerejetarekin ezkondu zen. Zortzi seme-alaba izan zituzten. 19 urtez Argentinan eta Uruguayen bizi ondoren Euskal herrira itzuli zen familia Amerikan utzita. Errezitaldiak han-hemenka emanez bizi izan zen. Baina entzuleek bizkarra eman zioten, izan ere ahotsik gabe gelditu zen eta zarpailduta. Kronistek diotenez auzokoen barregarri bihurtu zen azkenean. 1881ean hil zen pneumoniak jota.
Amaiera tristea izan arren, ezin da ukatu bere ekarpen oparoa. Artista peto-petoa izan zen eta oso herrikoia. Nork ez dakizki dozena erdi bat melodia Iparragirrerenak? Abesti bikainaz aparte, oso hunkigarriak dira kanta batzuk: aipaturiko “Gernikako arbola”, “Ume eder bat”, “Ara nun diran”… Benetan arimaraino sartzen zaizkizu abesti dotore horiek. Rapsoda ugari aritu izan da kantatzen, baina gutxik iraun du herritarren memorian. Ez da gure abeslariaren kasua. Gorka Hermosa soinu-jotzailearen ustez 19. mendeko gure Elvis Presley izan zen. Garai honetan, hau da, erromantizismoan, hasi zen suspertzen folklorea eta musika herrikoia, horren adierazgarri F. Liszten “rapsodiak”, F. Chopinen “polonesak eta mazurkak”, P. Sarasateren “caprice basque”, besteak beste. Iparragirrek bere aldetik sorterria goretsi besterik ez du egiten eta ze karismarekin gainera! Gure musikagileen artean unibertsalenetako bat izan da.
Antonio Maria Labayen gure idazle ospetsua adiskide izan nuen. Bere etxera joaten nintzen gaztetan pianoa lantzera. Bere hitz batzuekin amaitu nahi nuke Iparragirreren gaineko gogoeta hau. Honela zioen 1933an: “Iparragirre gaitzat hartu badet euskaltasunean ezagunenetakoa dalako izan da. Bai al zan aldi hartan beste gizon bat hain entzute orokorra izan zuanik? Europa guzira eta Amerikaraino heldu zan. Ezin ukatu diteke bere arlotekerian euskaltasunaren suspertzaile izan zala, Euskal Herria lozorroan eta argalduta zegon garai hartan. Beste ezergatik ez bada ere haren oroipena omendu dezagun”.