Etorkinak gurean

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2020ko abe. 9a, 04:13

Gogoeta sakon bat irakurri berria dut “Hemen” aldizkarian. Hasieratik harpidedun naiz eta oro har gai oso interesgarriak jorratzen ditu. Ale honetako gaia da euskal gizartearen jarrera  etorkinen fenomenoaren aurrean.

 

Bi atal ditu: hausnarketa eta lekukotza.

Hausnarketa: Dudarik ez dago etorkinek ikaragarrizko arazoak sortu dizkietela herrialdeei. Ez dute asmatu (edo ez dute asmatu nahi izan) zer egin etorkinekin. Nahiz itsasoz, nahiz mendiz etorri gizakiari zor zaion errespeturik ez dute izan askotan  agintarien aldetik.

Datu txiki bat. Euskadik 2.181.919 biztanle ditu; horietatik 221.418 atzerritarrak dira (%10a). Aldizkariaren ustez, oro har, nahiko ongi hartuak dira. Zalantzarik gabe arazoak izan dituzte: ihesi joan behar izatea, bidegabekeriak jasatea, zor zaien soldata ez ematea, besteak beste. Esan dezagun etorkin gehienak hemen, Morian, AEBetan eta beste mila lekutan arrisku latzean bizi direla, oztopo handiak gainditu behar dituztela: linguistikoak, kulturalak, diskriminazioa, babes sarerik eza. “Gizakia eta batez ere pobrea baldin bada, kapitalismo modernoarentzat merkantzia bat besterik ez da” (Nair Sami, politologo frantsesa, jatorriz aljeriarra).

Panorama horren aurrean zer  egin euskal gizarteak? Gizarte hartzailea ala harrera-gizartea izan? Bi eredu jartzen dizkigu azterlan horrek: “Aita Mari” alde batetik. Itsasontzi horren ekintza mardula eta paregabea izan da. Izan ere bere lana da  hainbat mila itsasoan egin eta  oinak lurrean jartzeko baimena ukatu ondoren arrisku bizian direnak jasotzea. Eta “Zaporeak”. Gobernuz Kanpoko Erakundea da (GKE). Bere lan txalogarria Morian (Lesboseko irla greziarra da) zehar egin du azken bolada honetan. Bertan pilatuta daudenen sabel hutsak betetzeko lain elikagai izan dezaten janari-bilketa  kanpainak egin ditu.

Lekukotza: Amets Arzallus Antia, gure bertsolari handia, Irungo “Harrera Sarean” laguntzaile ibili da. Han ezagutu zuen  Ibrahima Balde, hogeita zazpi urteko mutil gaztea, Gineako Konakrin jaioa eta hala sortu zen bien arteko harremana. Ibahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zela etxean. Haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea eta mina ezagutu. Mali eta Aljeria zeharkatu eta Libiara iritsi zenean jakin zuen bere anaia txikia hil zela patera batean. Egun bi hilabete falta zaizkio mekanika kurtsoa amaitzeko eta ondoren Irunera itzuli nahi du. Han dauka zain lagun bat.

Ametsek argitaratu duen liburuak  “Miñan” du izenburua (Miñan hitzak anaia txikia esan nahi du) eta Ibrahimaren bizitzaren kronika da (Susa argitaletxea, 2019).

Kritikoen esanetan kronika ez ezik, sentimendu handiz osatutako liburua da. Etorkinek sufritzen duten mina, sufrimena, bizitzaren gordintasuna azaletik bakarrik ezagutzen dugu. “Miñan” liburuak  irakurle bakoitzaren barrua, kontzientzia eta errealitatea esnarazi nahi ditu. Aldi berean, etorkinek jasaten duten tratu krudela  salatzeko asmotan eginda dago liburua.

Elkarrizketa batean honela zioen Amets Arzallusek: “Ibrahimari  laguntzeko ez ezik, migratzaile guztiei laguntzeko ere idatzi dut liburua, hobeto ezagutu ditzagun eta, nolabait hurbilago sentitu”.

Etorkinei  eta errefuxiatuei  buruzko idazki batean, Arantxa Urretabizkaiak idatzi du oraindik orain: “Bihotza uzkurtzen ez bazaizu, ez zara pertsona sanoa”. Hauekiko izan behar genukeen jarrera Aita Santuaren ustez hau da: “maitasunezko harrera egin, zaindu eta gizarteratu”. Hara hor programa polita.