Balantze aldetik, askoren ustez “annus horribilis” izan da 2020a. Ez dela parte onekoa izan, alegia. “Urte gaizto petrala” bezala definitzen du Bizargorri kazetariak. Eta jarraitzen du: “penak eta saminak landu beharrik ez omen da izaten, berak ohi datozelako berez. Biziko garen bitarte guztian ez dugu ahaztuko ‘errosario santu’ hau: pandemia, konfinamendua, musukoak, ospitaleak eta abarrak”. Erabateko protagonista birusa izan dugu. Beste gauza garrantzitsu asko gertatu arren, mundua bere esanetara dantzan jarri du. Gezurra dirudi nano xomorro batek 7 mila milioi pertsona airean jartzea. Balentria harrigarrienak eta zitalkeria deitoragarrienak azaleratu ditu lehen esan nizuen bezala arkakuso kaka baino milioi bat aldiz txikiagoa den mikrobio horrek. Gogorarazi digu baita gutako edonor bilaka daitekeela heroi eta baita egoista txatxu bat ere. Promesa askoz beteta zetorren 2020a eta amets gaizto bihurtu zaigu.
LUIS ARANALDE
“Ziztada honekin hasi gara tunel luze baten amaieran argia ikusten”
Lorpen bikainak ere ekarri dizkigu urte xelebre honek. Eta besteak beste, txertoarena. Batzuei errezeloa eta errefusa piztu die, baina gehienei harridura, lilura eta itxaropena. Miraria dirudi hain denbora gutxian (urte bete eskas) garatu izanak. Aurrekaririk gabeko lorpena izan da: lehen dozenaka urte behar izaten zituzten zenbait txerto aurkitzeko. Ia berrogei urte dira HIESaren txertoa garatzen hasi zirela, baina ez dute arrakastarik izan. Oraingoan, birusaren beraren ezaugarriek, teknologia farmazeutikoen aurrerapenek, elkarlanak eta ahalegin globalak aukera eman dute txerto seguru bat baino gehiago garatzeko 11 hilabetetan. Ikuspegi zientifikotik, lorpen ikaragarria da.
Proiektu berriei dagokienez konturatu naiz zenbait kazetari horoskopoei begira jartzen diela informazioa eskatuz urte berrirako erabakiak hartu aurretik. Inoiz ez naiz izan zodiakoaren orakulu zale. Batek dioenez, 2020ko urtarrilaren 25ean, metalezko arratoiaren urteari ekin zioten Txinan, itxura batean animalia horri atxikitako zortea eta oparotasunaren zain. Horoskopoaren iragarpena hutsala gertatu da; metal hori herdoildua zegoen nonbait.
2021. urtea metalezko idiarena da Txinan. Kazetari baten esanetan aurtengo metal hau preziatua izango omen da, herdoiltzen ez den altzairuz egina: txertoaren orratz hipodermikoz.
Ziztada honekin hasi gara tunel luze baten amaieran argia ikusten eta gero eta distiratsuagoa gainera. Horretarako, alde batetik guztizko konfiantza jarri behar dugu zientzian. Nik behintzat uste osoa dut zientifikoengan. Are gehiago esaten baldin badigute txertoaren eraginkortasuna %95a dela gutxienez. Bestetik, txerto hori modu justuan banatu behar da. Beti bezala, arrisku handia dago pobreenak gabe geldituko ote diren txerto burrunba horretan. MOEko zuzendariak peril horretaz hitz egin zuen duela gutxi. Errege magoei idatzitako gutun batek ere kezka hau agertzen zuen: “Jaun agurgarriok, aurtengorako ekar iezazkiguzue xumeekiko solidaritate kaxa handi batzuk, batez ere behartsuenentzat: erresidentzietako agureentzat, bakardadean bizi direnentzat, gaixo eta etorkinentzat eta sendagileentzat eta erizainentzat indarra eta kuraia”.
Gurutz Linazasoro neurologo ospetsuari irakurtzen nion lehengo batean; “esperantza indizio bat da txertoa, eguberrietako erregaliarik preziatuena. Medikuntza aldetik gainera, bere eraginkortasuna eta seguritatea ez daude zalantzan jartzerik. Izan dezakeen arriskua baino onura askoz handiagoa da”. Eta Yuval Harari idazle israeldarrak honela dio: “geuk erabaki behar dugu nolako mundua nahi dugun pandemia ostean”.
Ziztada berri on opa dizuet.