Bi urte pasa dira Naizen elkartea sortu zenetik. Chrysallys Euskal Herriari jarraipena ematen dio talde honek. Gaur plazaratu duten ikus-entzunezko egitasmo berriak helburu berdina du: transexualitate egoeran kide bat duten familiek beren etxeetan bizi duten errealitatea ikustaraztea.
Naizenek Hego Euskal Herriko 200 familia inguru ditu gaur egun, eta elkarri laguntzeko sare bat osatzen dute.Gainera, beraien seme-alaben errealitatea ikustaraztea eta neska zein mutil horien eskubideak eta aldarrikapenak zabaltzea da elkartearen zeregina.
Naizen/Yo sé quién soy abestia Kai Etxaniz artista nafarrak konposatu du eta Ekaitz Goikoetxeak euskaratu. “Nik uste dut abestia hunkigarria dela eta bihotzean atximurdura egiten duela. Zabal dezagun gure mezua abestiaren bitartez”, zioen ekitaldian parte hartu zuen Bea Sever Nazioarteko kideak. Oraintxe jakin dudanez, Gaur bertan (2021-II-12) eraso transfobo bortitz bat izan da Iruñean 11 urteko mutiko baten kontra.
LUIS ARANALDE
“Beraien seme-alaben errealitatea ikustaraztea eta neska zein mutil horien eskubideak eta aldarrikapenak zabaltzea da elkartearen zeregina”
Lege berriaren zirriborroak transexualak halakotzat hartuko direla bermatzen du, informe mediko bat egiaztatu gabe eta tratamendurik jaso gabe. Lege berri hau onartzen bada, izen eta sexu aldaketa hau egin ahal izango dute adin txikikoek (16 eta 18 urte bitartekoak) beren gurasoen baimenik gabe. Aldiz, beharrezkoa izango da “onespen informatiboa” deritzana 12- 16 urtekoentzat. Gurasoen baimen gisa da agiri hori.
Hori aurrerapauso oso garrantzitsua izan dela esan dute Naizenekoek. Baina lege hori osatu egin behar dela diote, hain zuzen, osasun arloko protokoloak aldatu eta hezkuntza zentroetan formazio integrala ematea ezinbestekoa da. Gaur egun, transexualitateari buruz ez da ikasten inongo karreran eta ez dago aurreikusia inongo materialetan. Hori guztia bermatu nahi dute elkarteko kideek.
Eliza hierarkia beste behin ere berrehun bat urteko atzerapenarekin dabil gai honen gainean. Luis Argüello, Espainiako Gotzainen idazkari nagusia legearen kontra agertu da. Bestetik, Muller Kardinalak esan du: “Jainkoaren hitzak denbora guztietarako balio du, lege honek ez du giza antropologia errespetatzen”, eta oroitarazten du harreman sexualak ezkontza barruan bakarrik eduki daitezkeela. Eskerrak Frantzisko Aita Santuak beste irudi bat ematen duen eta enpatikoa den transexualekin. Gogora Diego Neria transexualaren kasua: Aita Santuak deitu zion eta Erromara joan zedin bere andregaiarekin eskatu zion. Ordubeteko elkarrizketaren ondoren, bien erdian agertu zen argazki dotore batean. Irudi hura mundu osoan ikusi zen. Ikustaldiaren ondoren esan zuen Diegok: ”bakea egin dut munduarekin eta nire fedearekin. Esker mila, Bergoglio lagun”. Hori bai dela ebanjelioa.
Naizen kantaren bertso batzuekin amaitu nahi dut gogoetatxo hau. Honela dio abestiak: “Eskuari esku, /hel zaidazu estu/, bideak, nireak, libreak/, mugarik ez du. Haizearen pare,/ askatasunaren sare,/ begiradetan islatu nahi zen/zein ederra naizen”.