‘Oilarra kukuruka’

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2021ko mar. 16a, 09:19

Xipri Arbelbide apaizak  ‘Oilarra kukuruka’  liburua argitaratu du Erein argitaletxean. Bi hitzetan esateko, elizaren krisiaz edo gainbeheraz  mintzo da liburuan eta ebanjelioan sinestera bultzatu nahi du jendea. Izenburua ebanjeliotik hartzen du. Pasartea oso ezaguna da:  San Pedrok Jesus ukatu zuen bezain pronto, oilarrak kukurruku  egin zuen eta orduan jabetu zen Pedro zein makurra izan zen bere maisuarekin  eta negarrari eman zion saminez. Arbelbidek nahi du jendeak gogoeta egin dezala ea zertan den ohartzeko.

Aspaldidanik ezagutzen dut Xipri. Hamabi urte pasa nituen Ipar Euskal Herrian eta Biarnon eta orduan izan nuen bere berri. Heletan (Baxenabarra) jaio zen 1934an eta gazte zelarik soldadu Aljeriara joan zen, 14 hilabetez. Teologia ikasketak amaitu ondoren, Boli Kostara joan zen misiolari gisa 12 urtez. Liburu anitz idatziak ditu. “Oilarra kukuruka liburuarekin” Miguel de Unamuno saria irabazi du.

Liburu hori idazteko abiapuntua bitxia izan zuen. Hain zuzen, duela bost urte, Pirinio Atlantikoetako 60 apaiz eta  laiko talde bat Baionako Aillet apezpikuaren kontra agertu ziren  idazki gogor baten bidez. Bertan Ailleten  jarrera ultraeskuindarra salatzen zuten. Apaiz horiei esaten die: “etxekoz etxeko egin behar ziren xuriketak, plaza gainean  hedatu baino gehiago”.

 

LUIS ARANALDE

“Kulparik ez du aurkitzen Elizaren baitan, kanpoan baizik. Elizgizon bezala autokritika txikienik  ez du egiten”

 

Elizaren beherakada horren une  garrantzitsuenak izan dira bere ustez:  Frantzian Eliza eta Estatua bereizi ziren garaia (1905), iraultzak, gerlak, marxismoa, 1968ko maiatza eta Enbataren sorrera Iparraldean.

Munduarekiko ikuspegi oso ezkorra dauka. “Eliza gaizki doa, gure gizartea gaizki baitoa, heriotzara baitoa. Gure lurra leher egiten ari da. Kontsumismoan sartuak gaude lepo zintzurreraino, gure sinestea kontsumismoan daukagu. Utzi dugu fedea eta marxismoan sinetsi.  Hondamendirat daramagu Eliza eta mundua elkarrekin”. Hilzorian dago, beraz, Eliza. Hizkuntza apokaliptiko hau nahiko maiz erabiltzen du. Munduaren irudi  ilun  honekin akabatzeko: ”tripako minez” idatzi omen du bere liburua.

Hondamen honen aurrean, normala den bezala, errudun bila hasten da. Baina kulparik ez du aurkitzen Elizaren baitan, kanpoan baizik. Elizgizon bezala autokritika txikienik  ez du egiten. Nik esango nioke: aizak, hi, Xipri, jendeak alde egin badu gure elizetatik, guk apaizok eta orohar elizako arduradunek zerikusia izango diagu, ezta? Emango dizkiat adibide batzuk adierazteko eliza ez dela leku askotan batere eguneratu eta  gutxienez ehun urteko atzerapenarekin bizi dela. Hor dituk etsenplu batzuk: elizaren matxismoa ez dik inork konprenitzen gaurko egunean, gure klerikalismoak ez dik zentzurik, gure elizetan erabiltzen dugun hizkuntza  biziki ulergaitza duk, dena itzuli beharra zegok, gure errito gehienak fosilizatuak zeudek, zaharkituak. Pederastia  kontu horiek ere asko zikindu ditek elizaren irudia.

Hik eta nik zerbitzatzen dugun elizak guztiz antzaldatu beharra zeukak eta horretan saiatzea duk gure premiazko lana. Eta beste gauza bat: gaurko mundua askoz egokiagoa duk hik eta nik duela 70 urte ezagutu genuena baino. Nire ikuspegia hirea baino optimistagoa duk. Benetako sinesmena ez duk neurtzen  burutzen ditugun erritoetan, maitasunezko eta enpatiazko ekintzetan baizik. Egiazko sinesmena kalean, familian eta lantokian frogatzen duk. Horretan, garai bateko eliztarrak ez zituan oraingoak baino hobeak. Hala ere bere obsesioa da: elizak beteta eta  apaizak ugaltzen ikustea.

Apaizen eskasia aipatzen duk; baina guk jakin bazekiagu gure eginkizuna ez dela agintzea elkarteetan, zerbitzatzea baizik. Jesus nazaretarrak ez zian klerikorik nahi, zerbitzariak baizik. Hire aberkide Bernard Besret  honela ziok (buruz ari nauk): ”kleriko guztiak desager daitezen irrikatzen nago, horrela Jainkoak gizaki ororen  bihotzean idatzitakoa inork ez baitu manipulatuko”. Izan bihotz, Xipri eta  eutsi goiari.