Islamak hiru erlijiotasun estilo edo mota ditu: suniak (behar bada fundamentalistenak eta gogorrenak), xiiak (moderatuagoak agian) eta sufiak.
Hauen filosofia eta erlijioa ulertzeko era ia guztiz ebanjelikoa dela esango nuke; harreman baketsuak, naturarekiko gertutasuna eta errespetua.
Dantzari garrantzia handia ematen diote, eta arau guztien gainetik, maitasunari.
Hain zuzen ere emakume sufi batez hitz egiten da komunikabide askotan: Kahina Bahloul. Lehen emakumezko imana izan nahi du Frantzian. Imana da islamiarren artean fedea, hots, egi eta meskitetan biltzen diren elkarteen otoitzak gidatzen dituena. Gure inguruko apaizen gisako bat. Irain piloa jaso du eta baita mehatxuak ere. Frantziako buruzagi islamiarrek baztertu egin dute. Kahinak dioenez Korana liburu sakratua bere alde dago.
Emakume islamiar guztien eskemak apurtu ditu: hasteko, ez darama belorik; “ez da betebehar erlijiosoa. Koranak esaten duen gauza bakarra horren gainean da emakumeak modu eratsuan jantzi behar duela”.
Beloa, burka eta abarrak kultur matxista eta patriarkal baten adierazgarriak besterik ez dira. Nazkatuta eta nekatua dagoela esaten du garai batean meskitetan entzuten zituen diskurtso arkaiko eta misoginoekin; orain ez da meskitetara joaten. Horregatik erabaki du bere meskita irekitzea. Fatima (Mahomaren alaba kuttuna) deituko dio. Leku horretan emakumeak begirunez tratatuak izango dira eta hitzaldiak txandaka egingo dituzte gizonezkoek nahiz emakumezkoek. Islama integratzaile eta ireki baten gunea izango da. Teologia aldetik ezerk ez dit debekatzen meskitetako errezoak zuzentzea.
Sexismoa erlijioan ez da soilik islamiarren artean gertatzen. “Sartu izan naizen elizetan eta sinagogetan (judutarren eliza) berdin gertatzen da”, dio. Emakumearen rola bigarren mailakoa da.
Parisko meskita nagusian gertatu zen zerbait bitxia 2013an: leku gutxitxo zegoela eta, arduradunek erabaki zuten emakumeek eraikuntzaren sotoan errezatu behar zutela.
Islamiar askok erlijioa abandonatu du Kahinaren ustez arduradun erlijiosoak guztiz jokoz kanpo daudelako. Beren mezua ez zaie iristen, hain arkaikoa da, izan ere, ez baitauka zerikusirik gaurko jendeak bizi dituen kezkekin, arazoekin, eguneroko bilaketa espiritualarekin. Erdi Aroko sermoiak entzungo balituzte bezala. “Pentsamendu musulmanaren esklerosi bat dago”, hortik dator hain juxtu islaman nabaritzen dugun indarkeria basati hori.
Gizarteak sekulako aurrerapen zientifiko eta kulturala egin du, feminismo arloan ere bai.
Bere idoloak dira Simone Veil, Simone de Beauvoir eta batez ere, Iban Arabi Erdi Aroko maisu sufia. Honela zioen duela ia mila urte: “garai batean errefusatu egiten nituen nire erlijiokoak ez zirenak. Orain, aldiz, nire bihotzean erlijio oro kabitzen da, maitasunaren erlijioan sinesten baitut. Maitasuna da nire kredoa”.
Zein urrun gauden talibanen eta oro har, fundamentalista zentzugabeengandik. Hau da islamaren benetako aurpegia.