Pandemia isila

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2021ko urr. 5a, 16:57

Hilabete pare bat badira Aitziber Garmendia aktoreak bere bikotearen suizidioaz gogoetatxo bat idatzi zuela. Sare sozialek txalotu egin dute bere ausardia. 14 urte dira bere buruaz beste egin zuela eta orain izan du Aitziberrek nahiko balentria drama horretaz idazteko. “Oxala lagunduko bagenu!”, dio. Egoera oso konplikatua bizi izan du eta lagundu egin nahi diela esaten du suizidioari lotutako egoera zailak bizi dituztenei.

“Uste nuen ez nintzela inoiz gai izango “suizidio” hitza idazteko”, dio zaldibiar honek. Esperientzia mingarri hori kontatzeko pausu handi bat eman du eta gertakizun latz horretaz hitz egiteko unea iritsi dela uste du. Twiterren idatzi duen mezu honek berpiztu egin  du leku askotan hain tabu den debatea.
Bidali zuen txioak ez du galerarik. Besteak beste honako hau esaten du:
 “Garrasi mutu bat eta errua besterik ez nintzen ni. Bada garaia gauza hauetaz hitz egiten hasteko. Bada garaia egoera honetan daudenei laguntzeko. Bada garaia neure burua barkatzen hasteko”. 

“Nahigabe guztiaren erdian, itxaropenezko mezu batekin bukatzen du Aitziberrek: ‘hautsi egin nintzen, baina pusketa txikiez osatutako beste NI bat sortu dut’.  Zer egin dezakegu guk? Gauza xume bat: sufritzen duenaren begiekin sufrimendua ikusten saiatzea”


“Ezjakintasunak eta arazo sozial hau tabu bihurtu izanak, suizidioari buruzko mito faltsu ugari sinestaraztera eraman gaitu”, dio kazetari batek.Osakidetzak mito asko gezurtatu ditu bere web orrian. Lehenbizi, suizidioaren gainean hitz egiteak ez du suizidiorik eragiten. Alderantziz; horren inguruan mintzatzeak ez du suizidio ideiarik ematen, hobeto sentiarazten du  eta arriskua gutxitzen. Bigarrenez, edozein suizidio mehatxu benetako arriskua da eta serioan hartu behar da dagokion garrantzia emanez.
Eusko Jaurlaritzak estrategia bat onartu du suizidioei aurre egiteko. Plazara atera nahi du gaia prebentzioa handitzeko eta arriskua sumatzean, historia klinikoan sartuko dute. Euskal Herrian  errepideko istripuetan baino jende gehiago hiltzen da bere buruaz beste eginda. Urtean 300 bat pertsonek hiltzen dute beren burua.
Erakunde horren arabera, suizidio kasu gehienen atzean patologia mental bat dago, buruko osasun arazoren bat. Bikote hausturak, etxeko egoera, ikastetxekoa, umetan edo gaztaroan jasandako esperientzia bortitz bat, lan baldintzak, pobrezia. Mila faktorek elika ditzakete suizidio joera horiek.
Jaurlaritzak neurri ugari proposatu ditu  suizidioen tabua hausteko eta prebentziorako. Lehenik, suizidioei buruzko jarraipena eta ikerketa egiteko baliabideak jarriko dituzte martxan. Ikerketaren esparruan, suizidioen erregistro bat sortuko dute.
Bigarrenez, aldian-aldian suizidioari buruzko kanpainak egingo ditu “estigma murrizteko eta kontzientzia areagotzeko”. Hirugarrenez, prebentzio lana ikastetxeetara, gizarte zerbitzuetara eta lan esparrura zabaltzea erabaki du.

Prebentzio lan hauetan, familiaren rola da giltzarri.
Aitziber Garmendiak aipatzen duen erru sentimendu hori oso indartsua izaten dela dio Cecilia Borras psikologoak. “Psikologikoki lur jota uzten zaitu. Etengabe pentsatzen duzu zein eragin izan zenuen haren erabakian eta zergatik ez zinen jabetu egoeraz. Sentimendu hori ondo bideratzen jakin behar da”.Nahigabe guztiaren erdian, itxaropenezko mezu batekin bukatzen du Aitziberrek: “hautsi egin nintzen, baina pusketa txikiez osatutako beste NI bat sortu dut”. Zer egin dezakegu guk? Gauza xume bat: sufritzen duenaren begiekin sufrimendua ikusten saiatzea.