Gizatasunez jokatzea da barkamena eskatzea

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2021ko aza. 3a, 09:44

Mexikoko independentzia deklaratu zutela 200 urte dira; hori dela eta Frantzisko Aita Santuak mezu bat bidali die mexikarrei iragan den irailean, baina kritikoek, gaizki esaleek eta eskuin muturrekoek, “testua irakurri gabe”, diote gehienek, manipulatu egin dute Frantziskoren deklarazioa beren Bergogliofobia asetzeko.

Frantziskoren hitz polemikoenak hauek dira: “iraganaren berrirakurketa bat egin beharra daukagu, izan ere argi unez eta ilun gunez josita baitago historia. Nire aurrekoek eta neuk askotan  eskatu dugu barkamena ebanjelioa zabaltze lanetan egin diren bekatu pertsonal eta sozialengatik”. Hemen ez du aipatu ere egiten ez Espainiako Koroirik ezta kolonizatzailerik ere.

Ultrakontserbadore batzuen esanetan Aita Santu hau “antiespainola” da eta polemikak alde batera utzi beharrean, “progresismo edo aurrerazaletasun faltsu baten lokatzetan plisti-plasta ibiltzea gustukoa du. Aita Santu honekin Espiritu Santuak huts egin zuen, hau ez da guk espero genuen pontifizea”. Horrelako esaldi bitxiak irakurri ditugu.

Dena dela, oraingoan baino modu argiagoan hitz egin zuen Bergogliok 2015ean Boliviara egin zuen bisitan. Barkamena eskatu zuen Elizak Ameriketako berezko (natibo) herrien aurka egindako krimenengatik. “Bekatu asko eta larriak egin dira  Ameriketako jatorrizko herrien aurka Jainkoaren izenean. Barkazioa eskatzen dut apalki”, esan zuen.

Latinoamerikan egindako adierazpen horiek oihartzun handia izan bazuten ere, ez zen kolonizazioaz hitz egiten lehena izan. 1992an, Juan Pablo II.ak barkazioa eskatu zien  Amerikako herriei  euren arbasoen aurka egindako bidegabekeriengatik. 2007an Benedikto XVI.ak esan zuen: “iragan distiratsu baten oroimenak ezin du ahantzi amerikar kontinentearen  ebanjelizatzeak izan zituen ilun uneak: ezin dira ahaztu kolonizatzaileek herri indigenei  jasanarazi zizkieten sufrimenduak eta injustiziak”. Jainkoaren izenean gauza batzuk ondo egin zituzten, baina beste batzuetan botereaz abusatu zutela aitortu dute Elizaren buruzagiek.

LUIS ARANALDE

Oraingoan baino modu argiagoan hitz egin zuen Bergogliok 2015ean Boliviara egin zuen bisitan. “Bekatu asko eta larriak egin dira Ameriketako jatorrizko herrien aurka Jainkoaren izenean. Barkazioa eskatzen dut apalki”, esan zuen

Frantziskoren etsai hauek ez dute nonbait irakurri konkista garaian lekuko izan ziren Frai Antonio de Montesinos eta  Frai Bartolomé de las Casas Domingotarrak eta gure Frai Juan de Zumarraga Frantziskotarraren  idazkirik. Beren bizia arriskuan jarriz indioak defendatzeagatik, honela dio Montesinosek bere “Abendualdiko sermoi” ezagunean: “Denak heriozko bekatuan  zaudete jende errugabe horiekin darabiltzazuen ankerkeria eta tiraniagatik. Ez al dute arima arrazionalik? Ez al dira pertsonak? Errukirik gabe animalia gisa tratatzen dituzue”. Eta gure Zumarragako Juan Anaiak honela zioen:  “Ez dut etsiko indio gajo horien defentsan, bizia kentzen baldin badidate ere”. Apala zela diote garai hartako kronistek, pobreen eta indioen laguntzaile.

Lehengo batean irakurtzen nion gure kazetari  bati ezin daitekeela esan gure historia urruneko (eta hurbileko) hainbat kontu harro egoteko modukoak direnik. Walter Benjamin filosofoak ondo azaldu zuen zibilizazioaren eta basakeriaren arteko harreman makurra. “Ez dago kultura-dokumenturik ez dena, aldi berean, basakeriaren dokumentu”. “Barkamena eskatzea erlijio kontua duk”, entzun nion gure politiko bati. “Ez, esan nion, erlijioak plus bat eskatuko dik agian, baina barkazioa eskatzea gizatasunez jokatzea duk batez ere”.