Sauvé txostena

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2021ko abe. 1a, 09:09

Frantses Estatu Kontseiluko ohorezko presidenteordea da Jean Marc Sauvé. Frantziako Gotzainen Batzarrak lan hau eman zion: ikertu zezala Frantziako Eliza katolikoan izan diren abusu sexualen errealitatea. Helburu hirukoitza zuen betebehar horrek: gertatutakoa jakitea, konprenitzen laguntzea eta delitu hauen errepikapena prebenitzea. Emaitzak guztiz suntsituta uzten zaitu; zifrak eskandalagarriak dira.

Azken 70 urteotan, 330.000 haurrez abusatu dute 3.000 bat elizgizonek eta beren laguntzaileek. Elizgizonek sistematikoki abusatzen zuten haurrez Sauvék dioenez. Eta hamarkadetan zehar elizak ezkutatu egin zituen eta utzi krimen zital hauek gerta zitezen.

François Deveaux erlijiosoen eraso hauen biktimetako bat izan zen eta “la parole libérée” (hitza liberatua) biktimen elkartea sortu zuen. Txostenaren aurkezpenean honako hau esan zien Frantziako elizaren arduradunei: “gizadiaren lotsabide zarete zuek. Infernu honetan krimen nazkagarri pilo bat izan da, baina grabeena hau: haurrak traizionatzea”. Aitortu zuen horrelako informe serio bat aurkeztea lehen aldiz gertatzen dela eliza unibertsalean eta arazoa bere osotasunean aztertua izan dela. Baina bukatu zuen esanez: “oker ibili den erakundeak guztizko erreforma behar du”.

Frantziako lautik hiruk ez du jada konfiantzarik elizarengan, ez baititu haurrak babesten. Elizak barkamena eskatu du, baina sozietatea haratago doa bere eskakizunetan eta erakundearen erreforma exijitzen du sexu moralean eta  emakumeen parte hartze arloan; lege Kanonikoa berrikusi egin behar da, izan diren biktimen kopurua aitortu eta kalteak konpentsatu.

LUIS ARANALDE

“Frantziako elizaren jokabidea eta Espainiako Gotzainen Batzarrarena guztiz ezberdinak izan dira; Espainiakoak ez du serioski aztertu nahi gai hau”

Frantziako elizaren jokabidea eta Espainiako Gotzainen Batzarrarena guztiz ezberdinak izan dira; Espainiakoak ez du serioski aztertu nahi gai hau. Ez hori bakarrik: ukatu egiten du Elizak erakunde bezala jarrera negargarria izan duenik arazo honetan. Bukatu berria dute gotzainek beren batzar nagusia eta Luis Argüello idazkaria eta bozeramaileak esan du pederastia kasu horiek “txikiak” izan direla eta “gutxi batzuk”. Abusatua izan zen horietako batek, Fernando García-Salmonések hain zuzen, erantzun dio: “lotsagarria da esatea “kasu gutxi batzuk” izan direla eta “txikiak”, desegin eta hautsi den haurtzaro bakoitza basakeria bat ez balitz bezala. Eta zeintzuk egin dute hori? Egunero Jesusen hitzak hots egiten dituzten batzuek, beren buruak etikaren eredutzat dauzkatenek”. Ikerketarik ez da egingo, artxiboak ez dira irekiko, biktimen indemnizazioaz ez da hitz egin ere.

Txikiez abusatzea ankerkeria izugarria baldin bada beti, batez ere larria da abusatzailea erlijioso bat denean, horrek plus bat eransten dio makurkeria horri.

Abusu hauen aurrean Frantziako Elizak dio erantzule izango dela eta erakunde bezala gainera. Erantzukizun honek darama berekin justiziaz jokatzea eta abusatuak indemnizatzea. Gotzain guztiek aitortu dute krimen hauek gertatu direla Elizak epel jokatu duelako eta askotan beroien babesle izan delako. Ebanjelioan datorren esaldi agian bortitzenarekin amaituko dut. Haurren defendatzaile sutsua izan zen Jesus umea aintzat hartzen ez zen garaian. Honela dio haurra eskandalizatzen duenaz: “dohakabea txiki hauetakoren bat galbidean jartzen duena; hobe luke errotarri bat lepotik erantsi eta itsas ondora amilduko balute”. (Mt. 6)