Harritzekoa da nola frankismoaren garaiak historia benetan sinestezinak ezkutatzen dizkigun oraindik ere. Zamorako konkordatu-espetxearen (“konkordatu deitzen zaion munstro-kume” deitzen dio Amurizak) existentzia dugu kontu sinesgaitz horietako bat. Erregimenaren eta haren habe nagusia zen espainiar elizaren ehun bat apaiz euskaldun pasa ziren kartzela hartatik. “Eskerrak sei apaizi, ez zaik ezer sano utzi, egik sutan garrasi”, kantatzen dio Amurizak espetxeari.
Apaiz horien kontrako salaketa nagusia izan zen “terroristak zirela”, alegia. “Ez ginen kapaz tiragoma batekin txoriari eraso egiteko eta kartzelan sartu gintuzten terrorismoagatik”, dio apaizetako batek. Abade hauen krimena izan zen Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakustea. Sermoietan diktaduraren zapalkuntza salatzeagatik hamabi urteko kartzela-zigorra jaso zuten.
LUIS ARANALDE
"Garai latz haietan bere gizartearen aldeko konpromisoari irmo heldu zioten abade haiek”
Bada, garai latz haietan bere gizartearen aldeko konpromisoari irmo heldu zioten abade haien bizipenak azaltzen ditu “apaiz kartzela” dokumental honek. Presondegi hori irekita egon zen 1968tik 1976ra. Jende askorentzat ezezaguna denez, “kontatu nahi izan dugu belaunaldi berriek jakin dezaten zer gertatu zen epoka hartan”, diote apaizek.
Dokumentalaren hasieran apaiz taldetxo bat ikusten dugu. Preso egon ziren kartzelara itzultzen dira: “heldu ginen Zamorara/infernu-zulo hontara.Jainkorik bada, dagon lekutik/ anpara gaitzala”. Oso kuriosoa beraien aurpegiak ikustea. Ia hasieran hil kutxa bat ikusten da eraikuntzaren aurrean eta Amurizak kantatzen du Donostiako belodromoan 1980ko txapelketan abestu zuen bertsoa: “Aita izena kanta beharrak/jarri dit bihotza bero/aukera eder hau izango zenik/ez nuen hemen espero. Preso nengoen Zamoran/han gelditu ia ero/joan nintzen eta bertan nengola/aita hil zitzaidan gero/. Nahiago nuke edozer baino/hemen bizirik balego”. Pelikula osoan zehar bertso honek hunkitu ninduen gehientxoen.
Gorrotoak eta oinazeak ez ditu bultzatu apaiz hauek dokumental hori egiterakoan, emozioak baizik. Azpimarratzekoak dira bertan agertzen diren beren arteko adiskidetasuna eta solidaritatea. Iritzi ezberdinen bila ere ibili dira pelikularen hiru zuzendariak: espetxeko funtzionario batena, kazetariena, adituena eta abar. Harrituta daude abade hauek, izan ere “lehen hain ezkutuan eduki gintuzten eta orain bat batean hain agerian pantaila handian”.
Apaiz hauen fedeak sekulako egurra hartu zuen ikusirik Eliza hierarkiaren jarrera. Kontraesan nabaria zegoen arduradun erlijiosoek aldarrikatzen zituzten balore ebanjelikoen eta beren portaeraren artean, hau da, bat eginik diktadore beldurgarri batekin. Ez da harritzekoa ia denek apaiz izateari uztea. Batek dioen bezala, “horrek ez du esan nahi halere sinesmena galdu genuenik”. Fedearen parte bat abandonatu zuten, Elizarengan zutena.
Ez nuke amaitu nahi filmaren soinu bandaz zertxobait esan gabe ni musika munduan nabilenez. Joserra Senperenarena da soinu banda eta biziki gustatu zait. Irudien eta emozioen euskarritzat jotzen dut eta oro har musika erraza entzuteko. Donostiar honen musika lehor samarra gerta dakioke teknika eta armonia berriekin apur bat ohituta ez dagoenari. Baina Senperenak berak esaten duen bezala, “sortzen ditudan soinu paisaiak armonian datoz musika garaikidearekin”. Erabiltzen dituen disonantziak erraz asimilatzeko modukoak dira. Atrebentzia musikalak ez dira gogorregiak.