Bigarren aukera bat

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2022ko mar. 15a, 17:04

Hogei “Goya” saritik hiru eskuratu zituen duela hilabete bat ‘Maixabel’ pelikulak (hamalau sailetan zegoen izendatua): Maria Cerezuela aktore gasteiztarrak (Jaureguiren alabaren rola egiten du) emakumezko  aktore berririk onenarena, Blanca Portillo madrildarrak (Maixabelen papera antzezten du) taldeko emakumerik onenarena eta Urko Olazabal bilbotarrak (Luis Carrasco etakide ohiaren papera interpretatzen du) taldeko aktorerik onenarena.

Filmaren sinopsia: 2000. urtean, Maixabel Lasaren senarra, Juan Mari Jauregui hil zuen ETAk. Hamabi urte geroago, ezohiko eskaera bat jaso zuen Maixabelek: bere senarra hil zuen gizonezkotako batek berekin hitz egitea eskatu zion Langraiz Okako espetxean (Araba), zigorra betetzen ari zen kartzelan, talde terroristarekin zituen harremanak hautsi ondoren. Zalantzak zalantza eta atsekabe handia izan arren, Maixabelek onartu egin zuen aurrez aurre ikustea. “Mundu guztiak merezi du bigarren aukera bat”, erantzuten du emakumeak galdetzen diotenean zergatik erabaki zuen hitz egitea bere senarra hil zutenekin. Eta elkarrizketa batean erantsi zion esaldi horri: “delitu bat egin duena gizarteratzeko balio behar du espetxe politikak”. Hori da hain zuzen ere kartzela politikaren helburu nagusia. “Nire senarrak ere hitz egingo zukeen ziur aski hil zuten terroristekin”, erantzun zien bere erabakiaren kontra jarri zirenei. Maixabelen deliberamendu hura ez zitzaien gustatu eskuin muturrekoei, ETAri eta bere ingurukoei ere ez.

 

LUIS ARANALDE

“Hilabete pare bat dira filma ikusi nuela. Benetan hunkituta gelditu nintzen. Sekulako indarra du, sakontasuna, intentsitatea, giza balore nagusienak jorratzen ditu”

 

Hilabete pare bat dira filma ikusi nuela. Benetan hunkituta gelditu nintzen. Sekulako indarra du, sakontasuna, intentsitatea, giza balore nagusienak jorratzen ditu. Elkarrizketaren garrantziaz mintzatzen da pelikula hau: etakide ohiek eta Maixabelek apustu irmo hori egin zuten. Errukiari eta enpatiari himno bat da. “Ez gara lagunak izango, lagun-lagunak  urriak izan ohi direlako, baina beharrezkoa da mundu guztiak onartzea desberdinekin bizi daitekeela, errespetuan eta  entzutean oinarritutako bizikidetza egon daitekeela”, esaten du Maixabelek.

Iruñeko espetxean bota zuten Maixabel filma eta presoen artean arrakasta handia izan zuen. Adiskidetzeaz, indarkeriaz, elkar ulertzeaz eta bakearen kulturaz mintzatu ziren presoak. Baita gizarteratzean oinarritutako justizia eredu errestauratibo baten beharraz ere. Ikusleek jarrera aktiboa izan zuten une oro, galderak eta iruzkinak eginez. Emanaldian ziren Maixabel Lasa eta Iciar Bollain eta presoek zoriondu egin zituzten. ETAko kide izateagatik kartzelan dauden hamar bat preso, ordea, ez ziren emanaldira bertaratu. Pelikulari “bizkarra eman” ziotela argitaratu zuten zenbait hedabidek.

Eduardo Santos da Nafarroako Gobernuko Justizia eta Migrazio Politiken Kontseilari eta ez du bat egiten interpretazio “negatibo” horrekin. Oso atsegin zait berak ematen duen iritzia eztabaida horren gainean: “preso askorentzat, dio, deserosoa da pelikula hori ikustea hedabideen aurrean. Filma gogorra da eta, preso batentzat oso gertukoak izan daitezkeen gaiak jorratzen ditu. Eztabaidak piztu ditzake edo oso barruko prozesuak  azaleratu. Sentimendu horiek ez dituzu zertan jendaurrean erakutsi eta emanaldira joan ez zirenek zilegitasun osoa dute. Urratsez urrats eraikitzen da elkarbizitza. Pausoak eskatu behar dira, baina,  prozesuaren esparru pribatua errespetatuz”.