Bizitzaren gora-beherak zirela eta El Salvadorren jaioa da Uribe eta jesuitetan ikasi zuen; Ignacio Ellacuría asko miresten zuen eta arrazoi horiek bultzatuta egin du agian bere azken filma Ellacuriaren, bere bost erlijioso kideren eta zentroko bi langileren erailketaz. 1989ko azaroaren 19an gertatu zen.
Pelikula honen berritasuna da zentroko garbitasunaz arduratzen zen emakume xume baten ikuspegitik egina dagoela. Kasualitatez ikusi zuen nola armadako soldaduek hiltzen zituzten. Bere kristau fedeak, erlijiosoak pobreez arduratzen ziren per–tsona on batzuk zirelako uste osoak eta ikusi zuenaren egia mantentzeko gogoak bultzatuta eutsi zien tinko bere deklarazioei.
Aktore saila ondo aukeratua dago. Juana Acosta, testigua, nabarmentzen da batez ere. Bere gain darama kontaketaren pisua. Bera da filmaren ardatza. Sendotasuna, samurtasuna, fedea eta printzipio sendoak darizkio. Berarentzat “los padres” (horrela deitzen die jesuitei) pertsona onak ziren, besteen arazoez kezkatzen zirenak. Karra Errejeldek interpretatzen du Ellacuriaren rola eta Carmelo Gomezek Aita Tojeira parrokoarena.
LUIS ARANALDE
“Ellacuríak erlijioso kideei esaten zien: 'Egunez hiltzen banaute, badakizue, gerrilla izan duk; gauez hiltzen banaute, aldiz, militarrak izango dituk’. Asmatu zuen. Horregatik filmaren titulua”
Filmari ekin aurretik, Uribe bi urtez dokumentatu zen eta Ellacuriaren inguruan ibili ziren batzuekin hitz egiteko aukera ere izan zuen. Aita Tojeirarekin adibidez; parroko bat da eta berak erraztu zion bidea Juana Acostari Ipar Amerikara alde egin zezan. Egun, han jarraitzen du bizitzen.
Filma tarteka astun samarra da, erritmo gutxikoa. Baina, guztizko sinesgarritasuna du, objektibitate handikoa. Ondo azpimarratzen ditu diplomatiko frantsesen lanak eta jesuiten laguntza. Garbi agertzen du baita ere Ellacuriak zioen sinpatia Askapenaren Teologiari, baina beti kondenatuz FMLNren biolentzia. Libreki hitz egiten zuen, baina bazekien askatasun horren prezioa bizia izan zitekeela. Bere erlijioso kideei esaten zien: “egunez hiltzen banaute, badakizue, gerrilla izan duk; gauez hiltzen banaute, aldiz, militarrak izango dituk”. Asmatu zuen. Horregatik pelikularen titulua.
Juan José Tamayo teologoak galdetzen dio bere buruari: zergatik hil zituzten? Eta hainbat erantzun, bat baino gehiago aurkitzen ditu. Armadarekin bat egiten zuten elizgizonentzat, oligarkiarentzat eta botere politikoarentzat arrazoi nagusia hau izan zen: jesuitak beren eginkizun pastoralak alde batera utzi eta ekintza politikoetan sartu zirelako buru-belarri. Baina Jon Sobrino teologoarentzat beste hau da arrazoia: “gezurra agerian utzi eta profeta zintzo gisa injustizia klase guztiak salatzen saiatu zirelako hil zituzten. Pobreen artean gizarte berri baten kontzientzia izateagatik, Jainkoaren Erreinuaren utopia hots egiteagatik. Eta horrek ez du barkatzen”.
Eta Tamayok dio: “hil zituzten kristautasuna bizitzeagatik ez herriaren opio bezala, zapalduen liberazio gisa baizik”.