“Gauza askotan aitzindariak gara, baina horretan oso atzeratuak gindoazen”, dio Ahmed Zanoutti, Gasteizko eta Euskadiko komunitate musulmanaren ahotsik ezagunenetakoak. “Hogeitaka urte daramatzagu hau eskatzen” , azaldu du Zanouttik. Pandemiaren hasieran, agerian geratu zen euskal kanposantuetan erritu musulmanez ehorzketak egiteko aukerarik ez egoteak sortzen zuen arazoa.
Horrek guztiak kezka handiko egoera sortu zuen Euskadiko komunitate islamikoetan. 2016an 51.654 musulman zeuden Euskadin, horietatik 10.000 espainiarrak dira. Helburua herri bakoitzean dauden aukera zehatzak ikuspegi tekniko eta materialetik aztertzea izan da. Eta epe motzean, eskualde bakoitzean erritu musulmanaren arabera ehorzketak egiteko lekua izango duen hilerri bat egotea da desiragarria. Bingen Zupiriak onartu du “euskal gizarte gero eta anitzagoari errealitate erlijioso eta kultural berri bati erantzutea tokatzen zaiola”.
Hilerrietako arazo honi erantzun egoki bat emateko ADOS batzordeak egin du lan ugari. Aholku batzorde hau lanean ari da buru-belarri komunitate islamikoekin. 2018ko apirilean sortu zen. Batzorde honek berehala heldu zion gai honi eta hainbat udalekin harremanetan jarri zen, premiazko konponbidea ahalbidetuko zuen alternatiba bat aurkitzeko.
Lursail horiek musulmanen errituz ehorzketa bat egin ahal izateko bete behar duten baldintza nagusia hilobiak ekialdera begira egotea da. Oinarri horrez gain, islamaren berezko errezoak eta ehorzketa errituak garatzen dira, hala nola, gorputza alde erdira egokitzea, hilkutxan lurra sartzea eta aurpegia Mekarantz (Saudi Arabia) begira jartzea, Meka baita musulmanentzat hiri santu nagusia, han jaioa zen eta Mahoma. Hilobiratu aurretik gorputza garbitu egiten dute. Hildakoaren sexu bereko sendikoren batzuk arduratzen dira lan horretaz.
Garbitu ondoren, gorputza hil-oihal batean biltzen da. Oihal zuria da, josturarik gabea, Mekako erromesek janzten dutenaren antzekoa. Hileta zeremonian gizonezkoek bakarrik parte har dezakete. Gure errespontsuaren antzeko hil otoitzak egiten ditu iman batek zeremonia amaitu ondoren. Gorpua erraustea debekaturik egon da euren artean, orain arte behintzat.
Aurkeztu berria izan da Elkarbizitzarako Manifestua. Bertan izan zen Urkullu Lehendakaria. 39 imanen (Islamean apaiz gisako arduradun erlijiosoa) aurrean hitz egin zuen. “Printzipio eta konpromiso berdinak konpartitzea da Batzorde horren helburua”. Eta jarraitu zuen: “hiritar guztiek dute diskriminaziorik gabe bizitzeko eskubidea, batez ere, kultura edo erlijio arrazoiengatik. Gizarte guztiak dira anitzak eta aurrerapenaren eta libertatearen sinonimo izan behar luke pluraltasun horrek. Pluraltasun hori harmonizatzean datza hain zuzen, herri baten handitasuna”.
Pauso handia eman da Euskal Herrian musulmanek beren hilen kultua euren tradizioei jarraituz praktika dezaten. Judaismoa edo kristautasuna bezalako erlijio transzendente batzuetan den bezala, Islamean heriotza betiereko bizitzarako urratsa da. Eta islamiarrentzat hileta erritua beren bizitzako gertaera nagusietako bat da. Horregatik, neurrigabeko errespetua zor diegu beste erritu klase batzuk burutzen ditugunok. Bakearen bila ibiltzea da ADOS batzordearen helburua, “bakea baita elkarbizitzaren oinarria”.