Elkarteko kideek azaldu dutenez, Orixek 1949an Urte guziko meza-bezperak liburuan urteko meza eta bezperak itzuli zituen latinetik euskarara, Euskal Elizak eta bide batez, euskal gizarteak erabil zitzan. “Musika gregorianoan kantatzen ziren hitzak, poesiak, Orixek euskarara zoragarri itzuli zituenak, euskaraz kantatu nahi ditugu”.
Proiektu hau herriari zuzenduta dago. “Euskal Herriko koruetan eta elizetan erabil daitezkeen kantuak dira, perfektuki kanta baitaitezke”. Gainera, gregorianoa euskaraz kanta daitekeela erakutsi nahi izan dute. “Askok uste dute gregorianoa latinez kantatzeko dela soilik, baina kanta liteke euskaraz eta hori erakutsi nahi dugu”, dio abesbatzako zuzendariak. Orixek itzulitako lanak berreskuratu ditu Donosti Ereskik liburu batean eta berrogeita hamar kantu gregoriano bi diskotan.
Bikoitza izan da nire parte hartzea proiektu honetan: alde batetik abesti batzuk organoz laguntzea, eta bestetik, Orixerekin izan nituen bizipenen berri ematea. Nire amona Frantxiskaren (amaren ama) anaia zen Orixe. Nahiko berandu ezagutu nuen, izan ere, nomada gisa munduan zehar ibili zen ia bizitza osoan eta ni, berriz, kaputxino estudiantea, beraz, komentutik ateratzeko aukera gutxi garai hartan.
Gure harremanak 1958an hasi genituen. Urte hartan nire anaia Jose Mari erretore izendatu zuten Araman. Eta azkenengo lau urteak berarekin pasa zituen Orixek. Ni oporretan izanik etxean, anaiaren Parrokiara joan nintzen eta hantxe ezagutu nuen gure osaba. Handik aurrera gure harremana estutzen joan zen eta nik uste bion musika zaletasunak lotu gintuela batez ere. Afal ostean musika klasikoa entzuten genuen askotan; berak oso gogokoak zituen musikari barrokoak: Bach, Haendel, Vivaldi eta garai hartako beste batzuk. Ni garai hartan erromantikoen zalea nintzen batez ere: Chopin, Liszt; gerora hasi nintzen benetan maitatzen Bachen musika. Orixe ez zen erromantikoen hain zale konposatzaile horien bizitza desordenatua, libertino samarra izan baitzen. Chopinen bizitza irakurtzen ari nintzen opor horietan eta ez leitzeko aholkatu zidan, “nire bokazioa arriskuan jarriko nuela eta”. Moral aldetik nahiko estua, karratua, kontserbadorea zen gure osaba.
Karta mordo bat idatzi zidan lau urte horietan zehar. Gehienak gaztelaniaz. Grazia berezia zuen erdaraz ere. Oro har bere egunerokotasunaz idazten zidan; eskutitz luze bat ere bidali zidan behin San Joan Gurutzekoa ulertzeko erregela batzuk emanez; “el maestro machaca” deitzen zion mistikoari.
Anekdota batzuk ere kontatu ditut Donostiako kaiko San Padron eta Bilboko Sabino Arana Fundazioan egin ditugun aurkezpenetan. Besteak beste, Orixek Xabier Lizardi saria irabazi zuen 1961ean: bi mila pezeta. Bigarrena nire anaia Jose Marik: mila pezeta eta hirugarrena Lukas Dorronsorok: bostehun pezeta. Nire anaiak esan zion nonbait gure osabari, hurrengo lehiaketan iloba-bilobak irabaziko ziola; “habráse visto”, idazten zidan gutunetako batean. Umore ederra zuen gure osabak. Bera jesuitetatik bidalia izan zen eta ni kaputxinoek bota ninduten. Berarentzat trauma handia izan zen eta ni berriz, liberatua sentitu nintzen Horretaz ere toreatzen nuen.
Jose Mari anaia eta biok askotan aritzen ginen solasean gure osabaren idazkien estiloaz, edukiaz, poesia onenez. Anaiari “Miramar” olerkia gustatzen zitzaion gehien. Niri berriz “Jainkoagan bat”. Zergatia galdetu zidanean hauxe erantzun nion: “motel, motel, bere musikaltasunagatik; olerki hori irakurtzen dudan bakoitzean, J.S. Bachen koral bat entzuten ari naizela iruditzen zaidak”. Koldo Mitxelenak esana da: “Orixeren poesiari musika dario”.