Duela gutxi irakurri nuen Michel Desmurgetek idatzi berria duen liburuaren laburpena. Titulua: “La fabrique du crétin digital” (“Ergel digitalen fabrika”). Frantzian “best seller” (gehien saldua) bat izan da. Idazlea lyondarra da, neurozientzian doktorea eta Frantziako Osasunaren Institutu Nazionaleko ikerketa zuzendaria. Argitaratu duen liburu horretan gailu digitalek haur eta nerabeengan dituzten arriskuez ohartarazten du, pantailekiko esposizioak dakartzan arazoen eta erronken azterketa xehatua egiten du. Liburua bi multzo handitan antolatua dago: lehen blokean, egileak metodo zientifikoa erabiliz aztertzen ditu komunikabideez egiten diren baieztapenak eta jasotzen dituzten laudorioak. Eta bigarren zatian, pantailarekiko gehiegizko esposizioaren arriskuak ikertzen ditu. Ima Sanchís kazetariak elkarrizketa luze bat egin zion Desmurgeti La Vanguardia aldizkarirako. Hona hemen lauzpabost galderari egindako erantzunak.
1-Zer deritzozu haurrek pantailaren aurrean pasatzen dituzten orduei buruz? Zifrak dramatikoak dira: 8 urtetik 12ra bitartekoak egunean 5 ordu egoten dira gailu digitalen aurrean. 2 urtetik 18ra gaztetxo batek igarotzen duen denbora batzen badugu, 30 eskola-urte dira.
2-Zure liburuaren izenburua nahiko esanguratsua da. Pantailak inozoen belaunaldi bat sortzen ari al dira? Titulu hori aukeratu nuen garbi hitz egiteko ordua iritsi delako. Zenbaitzuek minimizatu egiten dute pantailen erabilerak duen eragina, baina errealitatea da ondorio beldurgarriak dituela. Gizaki bihurtzen gaituen guztian dute eragina pantailek: hizkuntzan, pentsatzeko gaitasunean, arrazoitzerakoan, memorizatzerakoan. Ikerketa askok horixe frogatzen du.
3-Ba, guraso askorentzat ez da txarra bere haurrek egunean hiru bat ordu pasatzea bideojokoekin. Ez dirudi hain kaltegarria denik. Orduan? Industria hau diru iturri nagusietako bat delako, urtean zehar bilioiak sortarazten dituelako. Berdin gertatzen zen garai batean tabakoarekin: aurrena ebidentziak ukatu eta gero minimizatzen saiatu.
LUIS ARANALDE
“Mundua murgildua dagofuntsezko aldaketa batean eta inork ez daki noraino garamatzan. Hausnarketa sakon bat egiteko deia da Michelen salaketa. Baina, berak ere badaki idaztea errazagoa dela soluzioa aurkitzea baino”
4-Pantailak kaltegarriak direla jabetzeko pista bat ez al da industria honetako jabeek beren haurrak ordenagailurik ez dagoen ikastetxeetara eramaten dituztela? Ez da hori bakarrik, etxean ere ez diete uzten erabiltzen iPadik edo beste gailu digitalik. Steve Jobsi (ordenagailu munduan enpresari nagusietakoa) galdetu zion kazetari batek ea zer pentsatzen zuten bere seme-alabek iPadi buruz. Erantzuna: nire etxean ez dago ez ordenagailurik, ez iPadik. Eta berdin gertatzen da enpresari handi askoren etxeetan.
5-Pantailek menpekotasuna sortzen dute? Guraso asko kexatzen da esanez beren seme-alabei pantailen erabilera mugatu nahi dietenean, hauek ez dietela kasurik egiten. Bai, pantailek sortzen duten menpekotasuna benetako arazoa da. Ikertzaile askoren ustez, erabiltzaileen %5a tresna horien mende erori dira.
Michel Desmurgetek ordenagailuei buruzko mito asko salatzen ditu, baina, gertatzen dena da gaurko gaztediak jasan dituen aldaketak pantailen arazoak baino askoz zabalagoak direla. Mundua murgilduta dago funtsezko aldaketa batean eta inork ez daki noraino garamatzan. Hausnarketa sakon bat egiteko deia da Michelen salaketa. Baina, berak ere badaki idaztea errazagoa dela soluzioa aurkitzea baino.