Hazia

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2022ko urr. 19a, 00:54

Gontzal Mendibil (Zeanuri, Bizkaia, 1956) musikariak “Hazia” musikala konposatu du ohiko maisutasunez. Duela hiru aste estreinatu zuen Arrasateko Amaia Antzokian. Obra honen protagonista Jose Maria Arizmendiarrieta kooperatiben sustatzailea da eta Mendibilek kantu bihurtu du bere bizitza. Gontzalen esanetan, bizikletaren apaizaren (horrela deitzen zioten Arrasaten) bizitza ohiz kanpokoa da, berezia, kontatzeko modukoa, “film baterako modukoa”, neurriz gaineko pertsonaia. Historia lokala eta unibertsala.

Duela hiru urte hasi zen lanean, Arizmendiarrietaren informazioa arakatzen, berak idatzitako  gogoetak aztertzen, eta batez ere, bere gainean idatzitakoa. Bere bizitza eta egintzak kontatu nahi zituen. Lana oso zaila zen. Nola bihurtu biografia hori musikal bat? Mendibilek dioenez, lehenik eta behin, bere ideiak poema bihurtu zituen eta gero, poema horiek musikatu. Horrela sortu zuen gidoia.

Arizmendiarrieta  Arrasatera joan zen 1941ean, apaiz laguntzaile bezala. Gerra ondorengo depresioa jasaten zuen herriak: 9.000 biztanletik apenas 1.500ek lan egiten zuten burdinoletan eta tailerretan. Soziologia ikasita zegoen eta jakintza hori gizarteratu nahi izan zuen, heziketaren posibilitateak langileen seme-alaba guztiei zabalduz. Bizikleta xume baten gainean ibiltzen zen. Egun, bere museoan gordetzen da. Bere epitafioan honako hau irakur daiteke: ”Bihotza, lana eta bizia zuen alde emanak”.

 

LUIS ARANALDE

“Arizmendiarrietak Mondragon Korporazioaren hazia erein zuen”

 

Mendibilen esanetan, Arizmendiarrietak sortu zuenak 80.000 pertsonari ematen dio lana gaur eta halere, jende askorentzat guztiz ezezaguna izaten jarraitzen du. Haurtzarotik hasita, bere bizitza osoa agertzen du musikalak, bere baloreak azalduz, inoiz baino beharrezkoagoak mundu lehiakor honetan. Gaur Mondragon Korporazioa deitzen diogunaren hazia erein zuen. Bera izan zen kooperatibismoaren bultzatzaile nagusia. “Bera apaiza zen, baina obra guztiz laikoa da eta bere balioak nabarmendu nahi izan ditugu musikal honetan: kooperatibismoa, elkartasuna. Konpetentziaren eta indibidualismoaren munduan bizi gara, eta berak ikusi zuen gauzak sortzeko beste era bat”, dio Gontzalek.

Hazia obra honetan, 11 musikarik jotzen dute zuzenean, eta 18 aktore eta kantariek. Abesbatza pare batek, Easok eta Goikobaluk ere parte hartzen dute. “Musikala oso modernoa da, beharbada nik egin dudan modernoenetako bat”. Ohika taldeko dantzariak jardungo dira. “Nik batez ere, haren mezua kantatuko dut. Adibidez, eszena batean, batzuk kooperatibismoaren aldekoak dira, besteak konpetitiboak, eta ‘West Side Story’-ren antzeko gerra bat sortzen da. Kantak era askotakoak dira, istorioak eskatzen zuen araberakoak”.

Zergatik jarri dio Hazia izena musikalari? “Azken batean, berak hazia jarri zuen eta gero hariztia sortu da: eskola publikoa, unibertsitatea, enpresak”. Kanta batzuetan entzuleek ere parte hartzen dute, lelo batzuk errepikatuz: “Nondik lan, handik jan; ametsak eraikitzen”. 

Obrak 135 minutu irauten du. Estreinaldia amaitu zenean, txalo zaparrada batez eskertu zuten ikus-entzuleek. Antzerkia, dantza, musika eta beste osagarri audiobisualak zirrara sortu zuen publikoarengan. Mendibil berak honela dio: “lehengo batean, entseatzen, pertsona bi negar malkotan ikusi nituen, emozioz. Esan nuen: Kontxo, zerbait ondo egiten ari gaituk”. Azaroaren 26an iritsiko da Donostiara Hazia musikala. Irrikatzen nago “amesgile” zen Arizmendiarrietari buruzko  emanaldiaz gozatzeko.