Gidari berria

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2022ko aza. 16a, 00:13

Ia bederatzi hilabete dira Jose Inazio Munillak utzi zuela Donostiako Elizbarrutia eta Fernando Prado apaiz klaretiar eta kazetaria (Bilbo, 1969) Gipuzkoako gotzain izendatu du Frantzisko Aita Santuak. 7. Gotzaina izango da 1949az geroztik. Berak esan duenez, urriaren 17an jakinarazi zioten Aita Santuak Donostiako Elizbarrutiko buru izateko aukeratu zuela. Bere izendapen ekitaldia abenduaren 17an izango da Donostiako katedralean. Lan berriaren aurrean “oso txikia eta mugatua sentitzen naiz eta zorabio apur batez hartu dut albistea”, esan du. Edonola ere, “konfiantzaz” ekingo dio ardura berriari.

 

Prado Bilbon jaio zen, nahiz eta haren familiak Getxoko Areeta auzoan (Bizkaia) izan jatorria. 1992an klaretiar kongregazioan sartu zen. Teologia eta kazetaritza ikasi zituen. 1998an Donostiara etorri zen eta Mariaren Bihotza ikastolan eta Parrokian hasi zen lanean irakaskintzan eta pastoral zereginetan. 2000ko maiatzean 7an Joan Mari Uriartek apaiz ordenatu zuen. Groseko gazte pastoral lanetan jardun zen buru belarri. Horregatik, ondo ezagutzen du Donostiako erlijio egoera. 2002an Madrilera destinatu zuten kongregazioko buruzagiek.

Bat nator Jose Agustin Arrieta lagunaren iritziarekin: “gure gidaria izan behar duena botazioz aukeratzea gustatuko litzaiguke, baina hori ezinezkoa da Elizan. Demokrazia ez da ezkontzen Elizarekin nonbait. Halere, konfiantza osoa dut  Fernando Pradorekin”.

LUIS ARANALDE

“Fernando Prado gotzainaren izendapen ekitaldia abenduaren 17an izango da, Donostiako katedralean”

Berari buruzko komentarioak oso positiboak izan dira, bai katekistenak eta bai zenbait apaizarenak. Jose Antonio Pagolak honela zioen: “oso pozik jaso dut albistea. Lan delikatua dauka Gotzain berriak, bakea jarri eta komunitatea elkartu, izan ere, gure elizbarrutiak bi bandotan sakabanatuta dagoela dirudi eta. Bake gizona da eta hori behar dugu Gipuzkoan. Nire defentsan atera zen elizgizon askok hereje bezala kondenatu nindutenean”. Jose Ignazio Usabiaga parrokoak  Grosen ezagutu zuen eta “gizon ona eta arduratsua” dela dio. Ana Soretek (Groseko eliztar bat) udalekuetan lan egin zuen Fernandorekin, Leitzan hain zuzen ere, eta han ezagutu zuen bere alderdi “dibertigarri eta jostalaria”. Orduan ere “pertsona oso gertukoa zen”, esaten du. Elbira, azken katekistak, 2018ko danborrada du gogoan. Entseguetan adarra jotzen omen zioten Fernandori, alegia, ea zer egiten zuen bizkaitar batek danborra jotzen Donostian. “Donostiak asko eman dit”, erantzuten omen zuen. Bere destinoa jakin zuenean ere antzeko zerbait esan zuen: “Ezagutzen dudan leku batera noa. Gustura sentituko naiz jendartean. Ondo ezagutzen ditut eta maitagarriak dira”.

Jesus Martinez Gordo teologo bizkaitar bat da eta bere ustez, Fernando hiru erronka nagusiren aurrean dago:

1- Berreskuratzea, ez noski edozein preziotan, Munilla zaleak. “Pertsonalki beren kolaborazioa eskatuko diezu ala gauzak beren inertzian jarrai dezaten utziko duzu?”, galdetzen dio.

2- Hartu beharko dituzun erabakiei dagokienez: ez zaitez obsesionatu Zuzenbide Kanonikoaren Kodea hitzez hitz betetzearekin. Izan ausardia (oso arraroa gaur egungo apezpikuengan), Frantzisko Aita Santuaren estiloari jarraituz jendearen onerako izan daitezen.

3- Aita Santuak esan zuen bezala “ardi usaina” darion gotzaina izan behar luke Fernandok eta horretarako Gipuzkoako bazter guztietan zehar  ibili behar du eta lehen kristau elkarteetan esaten zen gisa, Gipuzkoako elizbarrutiarekin “ezkondu”  eta ez beste inorekin.

Elizak husten eta gimnasioak betetzen ari diren une honetan, apustu latz baten aurrean aurkitzen da Fernando. Munillak esan du “bihotz batez berarekin kolaboratzea tokatzen zaiela eliztar guztiei”. Bai jauna, ni behintzat saiatuko naiz.