Qatar lurralde txikia da: 2.300.000 biztanle ditu, petrolio produktore handia. Eta nazioarteko komunitateak oso ondo daki Qatarreko gobernuari asko falta zaiola demokrazia bat izateko. Eta batez ere hiru arlotan ditu akats nagusienak: LGTBI kolektiboaren kontrako erasoak, etorkinei ematen dien tratu negargarria eta, oro har, emakumeen eskubideen urraketak.
LGTBI taldearen kontrako errepresioa latza da. Qatarren bizi den komunitate horretako kide gutxi ausartzen dira sexualitatea harrotasunez bizitzera eta adieraztera. Oso ohikoak dira kolektiboaren aurkako abusu fisikoak. Hitz egiteko beldur handia dute. “Oso gaztetatik jakin nuen homosexuala nintzela, baina nire adiskide minari bakarrik esan nion. Gure arteko sekretua zen”, Mohamedek.
EMAKUMEAK gizonen esku daude. Gizonen tutoretza sistemak zeharo mugatzen du emakumezkoen bizitza. Gizon baten baimena behar dute ezkontzeko, atzerrian ikasteko, gobernuko zenbait lanpostutan lan egiteko. Atzerrira bidaiatzeko ere gizonezko baten baimena behar dute 25 urtetik beherako emakume ezkongabeek.
MIGRATZAILEEN egoera negargarria da. Futbol zelaiak eta azpiegiturak eraikitzeko lanak hasi zituztenez geroztik, 6.500 atzerritar hil dira. Langile gehienak India, Pakistan eta Bangladeshekoak ziren. Langile arduradunek esaten omen zieten: “hik ahoa itxi eta segi lanean hemen jarraitu nahi baduk”. Sindikatuak debekatuta daude Qatarren. Mundialaren antolatzaile izendatu zutenez geroztik, bestaldera begiratzeko esan zaie kazetariei.
Jakina, ez da lehenengo aldia Munduko Futbol Txapelketa giza eskubideak zapaltzen dituzten nazioetan jokatzen dela, hots, Argentinan 1978an. Videla diktadoreak deitu zien horiei “bakearen Mundiala”. Edo Berlinen ospatu ziren Joko Olinpikoak 1936an. Dena esan behar bada, Qatar ez da horien mailakoa giza eskubideen mespretxuan, ari da poliki-poliki irekitzen gizarte demokratikorantz. Marketin hutsa ote da, ala bada mentalitate aldaketaren bat? Halere, nik txartel gorria ateratzen diot Mundialaren anfitrioiari.
LUIS ARANALDE
“Munduak, berriro ere, ez ikusiarena egin du. Behar bada hori baita kirol praktikatuena askotan: ez ikusiarena egitea”
Esan dezagun, baita ere, dena ez dela ezkorra izan. Ekimen apartak ere burutu dituzte zenbait jokalarik, adibidez, Irango ekipoko futbolariek uko egin zioten beren nazioko himnoa kantatzeari; sei zazpi bat ekipok LGTBIren eskubideak defendatzeko besokoak jarri zituzten, nahiz eta gero kendu zigorraren beldurrez. Lehenbiziko aldiz Mundialetan emakume batek arbitratu du futbol partida bat, Stephanie Frappart frantsesak. “Zalantzarik gabe, hesi batzuk hausten hasi gara, ispilu horretan begiratu behar gara; normaltasunerantz pausu handi bat da”, dio epaile lanetan ibiltzen den Nerea Reyk.
Kazetari batek dio: “ikusi ditugu egunkarietako azalak odolez zipriztindutako baloiekin eta irakurri ditugu giza eskubideen urraketak salatzen dituzten editorialak eta erreportajeak, baina salaketa eta boikot pertsonaletatik haratago, beste ezer gutxi”. Munduak, berriro ere, ez ikusiarena egin du nik uste. Behar bada hori baita kirol praktikatuena askotan: ez ikusiarena egitea.