Polemikaz betetako agintaldia

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2023ko urt. 25a, 00:29

Jaunaren mahastiko langile xume bat izan nahi dut, zioen Ratzinger kardinalak Aita Santu izendatu zutenean 2005eko apirilaren 19an. Benedikto XVI.a izena hartu zuen. Bere karguari uko egin zion 2013ko otsailaren 28an.

Duela egun batzuk zendu da Erroman. Bere aldeko hileta ospatu berria da Erroman eta baita Donostian ere. Bere bizitza sakonki aztertu dutenek, bere ibilbide luzean lau etapa azpimarratzen dituzte.

1- Kontzilio Vatikano II.ean (hirurogeiko hamarkadan) Hans Kung-ek eta biek kontzilio erreformen aldeko apustu garbia egin zuten, hau da, eliza mundu modernora  hurbildu zedin saiatu ziren (Hans Kung teologo handia 2021ean hil zen eta jakin berria dut Frantzisko gure Aita Santuak ez ziola kendu nahita edo nahi gabe dio Joxe Arregik, aspaldi Ratzingerrek jarri zion “teologo ez katoliko” aipu edo izen txarra). Eginkizun horretan aritu zen buru-belarri  Benedikto XVI.a Kontzilio Vatikano II.aren garaian. Epoka honetan garbi utzi zuen zein beharrezkoa zen elizarentzat bere  botere eta harrokeria  estilo hura baztertzea behin betiko eta autokritika serio bat egitea. “Fardo eta pribilegio material eta politikoetatik liberatutako eliza bat” eskatzen zuen Ratzinger-ek. Garai hartan, teologo progresista edo aitzindarien eredu izan zen.

2- Fedearen Dotrinaren Kongregazioko buru jarri zuen Joan Pablo II.ak. Hogei urtez iraun zuen kargu horretan, 1981ean hasi eta Aita Santu izendatu arte 2003an. Elizak irakasten duen dotrina  zaintzea  da erakunde horren ardura. Kontzilio garaian ikusi dugun Joseph Ratzinger  ireki eta progresista honek sekulako aldaketa eman zuen orduan; elizaren tesia kontserbadoreenak defendatu zituen buru-belarri eta zigortu azkar berak jarritako  bidetik ateratzen zen guztia. Erantzukizun hori izan zuen bitartean, gogor jardun zen batez ere Askapenaren Teologiaren kontra. Hego Amerikako teologoak batez ere zigortu zituen gupida gabe. Horietako batek, Leonardo Boff-ek dio ehun bat teologo zigortu zituela, bera barne: batzuei katedra kendu, besteak irakasteko baimenik gabe utzi eta asko eta asko isilarazi. Ez zuen inongo malgutasunik agertu.

3- Aitasantutza garaian. Espiritu nahiko kontserbadorearekin aritu zen, eliza zentralista baten apustua egin zuen. Egia da bere zenbait hitzalditan laikoen protagonismoa azpimarratzen zuela, baina halere sendotu besterik ez zuen egin  elizaren klerikalismoa. Elizaren estilo hori Frantzisko Aita Santuak ere kritikatu du. Azken batean, oztopatu egin zuen Kontzilio Vatikano II.aren hasierako estilo berritzaile eta iraultzaile hura, eta hori, bai edukian eta bai forman.

4- Ustekabeko ukapena. 2013ko otsailaren 28an uko egin zion aitasantutzari. Aita Santu emeritu titulua eman zioten. Elizaren historia osoan ezohiko erabaki bat izan zen eta meritu handikoa. Aita Santu batek bakarrik egin zuen berdin kristautasunaren historia guztian: San Zelestino V.ak 1294an. Monje beneditar bat zen  eta aho batez eliztarrek Aita Santu aukeratu zuten, hainbestekoa zen eta bere santu fama. Baina Erromako gehiegikeriak eta kuxidadea ikusi ondoren esan zion bere buruari: “Hau ez duk niretzat egiten den lana. Banoak hemendik monasteriora berriro”. Bost hilabete bakarrik iraun zuen bere aitasantutza karguan.

Askorentzat  ukapen bat baino gehiago aurrerapausu ausart bat izan zen  Benedikto XVI.aren ekimen hura; izan ere, horrela aitortzen zuen apaltasunez eta publikoki bere karguari ondo erantzuteko zituen zailtasunak. Zerbitzu bokazioaren testigutza bikain bat izan zen bere karguari uko egitea. Eta amaitzeko: goraipatu nahi nuke emeritu bezala  Frantziskoren lana ez oztopatzeko izan duen diskrezioa. Leonardo Boffek dio: “Nahiz eta muga handiak zituen, pertsona orok bezala, bere bertuteengatik eta batez ere bere agertu zuen apaltasunagatik karguari uko egitean, zintzoen eta zoriontsuen artean kontatua izango da”. Atseden har beza Aita Santu emerituak.