Gehiago taburik ez

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2023ko mar. 22a, 08:07

Duela hilabete  pasatxoa Jakub  Jankto  futbolariak bere homosexualitatea aitortu zuen. Lehenbizikoa izan da Espainiako lehen mailako futbol munduan. “Ez dut gehiago ezkutatu nahi”, zioen 27 urteko jokalariak. Getafen jokatzen zuen, baina Pragako Spartan  urte betez jokatzeko baimena du.

Urte askoan  zehar homosexualitatea gai tabua izan da kirol esparruan. 1990ean  Justin Fashanu izan zen Ingalaterrako lehen mailako jokalaria bere gay izaeraz garbi hitz egin zuena. Nottinghan Foresten  jokatzen zuen. Hori jakin bezain pronto, ekipoak taldetik bota zuen eta zaleen, taldekideen eta entrenatzaileen  trufak pairatu behar izan zituen. Bere anaiak ere “paria” bat zela  adierazi zuen. Makina bat ateetan jo zuen, baina ez zuen beste talderen batean kontraturik lortu eta depresioak jota, 1998an bere buruaz beste egin zuen. Ordutik hona, oso gutxi izan dira  beren homosexualitatea adierazi duten futbol jokalariak, eta izan badira, euren kirol ibilbidea amaitu ondoren  eman dute pauso hori.

“Mundu guztiak bezala, nik ere nire bizitza askatasunean bizi nahi dut, beldurrik gabe, aurreiritzirik eta biolentziarik gabe, baina maitasunez. Gay naiz eta ez dut gehiago ezkutatuko nire izaera. Bizitza osoan banekien homosexuala nintzela, baina orain esateko eta neu izateko prest nago. Ez dut gehiago gezurretan bizi nahi”.

 

Luis Aranalde:

"Valdanorekin ere guztiz bat nator esaten duenean “txapela kentzen dut  mutil horren aurrean, baina homosexuala dela aitortzeko ausardia beharra izateak,  lotsa eman behar liguke futbol munduan gabiltzanoi”

 

Erreakzioak oso positiboak izan dira. Madrilgo eta Pragako klubek guztizko errespetua eta  erabateko babesa adierazi diote. Realekoek ere  txalotu dute bere jarrera hori  ortzadarraren  bandera eta  esaldi  hau alboan: “futbola denentzat da”. UEFArentzat  “egiazko inspirazioa izan zara besteentzat eta Europako futbola zurekin dago”.  Valdanorekin ere guztiz bat nator esaten duenean “txapela kentzen dut  mutil horren aurrean, baina homosexuala dela aitortzeko ausardia beharra izateak,  lotsa eman behar liguke futbol munduan gabiltzanoi”. Futbol kazetari batek esaten zuena: “Ez zaigu axola nor maite duzun, nor zaren baizik”.

Duela egun batzuk emakumearen nazioarteko eguna ospatu genuen. Ari garen gaiari  lotuta, esan beharra daukagu honetan ere sekulako lezioa eman digutela. Tenis munduan adibidez, Martina Navratilovak 1981an aitortu zuen lesbiana zela; Amélie  Mauresmok (Frantziak eman duen emakume tenislaririk onena) 19 urterekin ez zuen inongo arazorik izan lesbiana bezala agertzeko.

Futbol esparruan berdin. Merel eta Ana Romero futbolariek  bikotea osatzen dute. Internazionalak dira eta  Anak honela dio: ”futbol femeninoan ez dira batere arraroak bikote lesbianak. Ez da futbol maskulinoan bezala; hor tabu bat izaten jarraitzen du. Guk erabateko askatasuna izan dugu emakume batez maitemindu garela esateko. Hemendik denbora gutxira harritu egingo gara hau arazo bat izan dela jakiteaz”. 

Gai honen harira, esan beharra dago mendeetan zehar emakumea askatasunari oda bat izan dela, sexual libertatea barne. Duela 2.600 urte Lesbos, greziar irlan, Safo poetak lirika goren mailara eraman zuen. Bere poemek eta poesiek emakumeen arteko harremanak kantatzen dituzte. Batzuek ez dute jakingo agian hortik datorrela lesbiana hitza. Aita Santu Gregorio VII.ak Saforen liburu guztiak erretzeko agindua eman zuen XI. mendean. Eskerrak artaburu hark idatzi guztiak ez zituen harrapatu! Ezmoralak omen ziren, noski.