Tolerantziari kanta

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2023ko mai. 3a, 07:31

Pasa den ostiralean estreinatu zen Espainia osoan hain txalotua izan den Estibalitz Urresola zinegilearen pelikula: “20.000 mila erle espezie”. Berlingo Festibalean  interprete onenaren Zilarrezko Artza jaso zuen Sofia Otero neskato protagonistak  eta Malagan pelikula onenaren Urrezko Biznaga, Urresola pelikularen zuzendariak. Lehen aldiz bota zutenean Berlingo Festibalean hamar minutuko txalo zaparrada jaso zuen. Inoiz ez zen horrelakorik gertatu euskal pelikula batekin. 

Haurtzaroko transexualitatea da pelikularen gaia eta Aitor mutikoaren ikuspegitik egiten du; izen horrekin eta besteen begiradarekin ez du bere burua ezagutzen. Hasieran Aitor deitzen den mutikoak Cocó deitua izatea nahia du eta gero Lucía. Haurra ez dator bat besteek beragandik itxaroten dutenarekin eta berak ez du ulertzen zergatik.

2016an Ekai Lersundi, Ondarroako 16 urteko mutil gazteak bere buruaz beste egin zuen tratamendu hormonalaren zain zegoelarik eta gertaera horren ondoren Laudioko zinemagileak  erabaki zuen transexualei  buruzko pelikula bat egitea. Gertaera horrekin “benetan hunkituta sentitu ginen”. Une horretan garbi ikusi zuen jendeari azaldu behar ziola haur transexualek  eta beren ingurukoek bizi zuten egoera askotan ulertezin hori. Horretarako NAIZEN, Euskadiko eta Nafarroako Adin Txikiko transexualen Familien elkartearekin jarri zen harremanetan beren esperientziak eta sentimenduak gertutik ezagutu ahal izateko. Jasotako dokumentazioa zinemako gidoi bihurtu zuen. Eta film  horrekin, berak esan bezala,  haur transexualei buruzko elkarrizketa lasai bat eragitea nahi izan zuen. Aniztasuna eta desberdintasunak balore aberasgarriak direla frogatu nahi du filmak.

Pelikula hori egitea sekulako apustua izan zen; izan ere, erronka asko zeramatzan berarekin. Alde batetik, Sofia Otero neska koskor protagonistak ez zuen inongo esperientziarik interpretazio munduan, ez zen inoiz jarri kamera baten aurrean eta bestetik, oso zaila da gaztetxo batek pertsonaiaren bi aurpegi horiek  espresatzea. 

Pelikulan zehar euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez hitz egiten dute naturaltasun osoz. Eszenak ipar Euskal Herrian eta Hegoaldean  filmatuak daude. Urresola oso kontent gelditu zen NAIZEN familiakoentzat bultzada bat zelako beren proiektua. NAIZEN elkartekideek  bihotzez eskertu diote Urresolori “pantaila handira gure seme-alaben errealitatea maitasunez eta modu fidelean eramatea”.

Mikel Gurpegui zinema kritikoak dio Urresola bezalako zinegileak gure artean sortzea luxu bat dela; izan ere, bere lehen luzemetraian  hain zine aberatsa eskaini digu! Transexualen mundu horretara naturaltasunez, inteligentziaz eta sentikortasunez hurbiltzen da. Ekai Lersundik gutun bat utzi zuen  idatzita bere buruaz beste egin aurretik. Karta  horretan, etorkizuneko belaunaldiei esperantza eman nahi zien, “bizitzeko mundu egokiago bat  aurkituko zutelakoan  eta haur transexualei  harrera hobea egingo zitzaielakoan”.

“Nik sentitzen dudana epaitzeko eskubiderik ez du inork”, zioen transexual  batek duela gutxi. Erle espezie bezainbeste gorputz, identitate edo deitura badira eta norberak bere izatea aurkitu behar du. Aniztasun horren metafora dira erleak. Bilaketa horretan jardungo da film guztian zehar Aitor/Cocó/Lucia transexuala. Tolerantziari himnoa da pelikula hau. Nire uste apalean, heziketa zentro guztietan ikusi behar lukete film hau.