Berlin inguruko Ganbera Orkestra bat, bakarlari bezala errusiar bat eta ukraniar bat. Berak ere parte hartu zuen une batzuetan. Pieza hori espresuki alemaniarrek eskatu zioten bakearen festibalerako. Lehen ere jo zuen Alemanian, baina oraingo kontzertua oso berezia izan da.
Luis Aranalde:
"Bakea lortzea da gu guztion erronka", dio Gorka Hermosa musikariak
Gorka Hermosa Urretxun jaioa da, Zumarragan hazi eta munduan zehar ibili da beti. Orain, Kantabriako Santander inguruan dagoen Miengo herrian bizi da. Kontserbatoriotik gertu dago. Esku soinu irakasle izaten jarraitzen du. “Irakaskuntza funtsezkoa da niretzat, gaztetxo eta gazteen formazio lanetan asko gozatzen dut”. “Soinu jotzaile punkia” da bere autodefinizioa; ez zaio umorerik falta.
‘Bake Ametsa’ obra berri honetan musikak “jendea, herriak eta kultura elkartzen dituela” frogatu nahi izan du. Horretarako, kanta eta konposizio errusiarrak eta ukrainarrak elkartu ditu. Borroka, maitasuna, gorrotoa, gerra eta esperantza adierazten dute. Requiem batez amaitzen da eta esperantza piztu nahi du. Obrak hiru zati ditu: sarrera, borroka eta gerra adierazten duen parte nagusia eta koda bat bukatzeko, non etorkizun hobe baten esperantza agertzen duen. Zine musika, tradizionala eta rocka estiloak erabiltzen ditu. “Esperantzazko mezuaz amaitu nahi izan dut”, dio.
Cervantes handiak esaten zuen: “Quien canta/ sus males espanta. Donde música hubiere/ cosa mala no existiere”. Platon eta Aristoteles filosofo greziarrentzat musikaren papera erabakigarria zen pertsonen izaeraren eraketan, bere borondatea indartu edo ahuldu baitzezakeen.
Hari honi jarraituz, Gorkaren esperientziaren antzekoa bizi dute Daniel Baremboin argentinar- israeldar pianista eta orkestra zuzendariak eta Edward Said intelektual palestinarrak. Bien artean sortu zuten West–Estern Divan Orkestra 1999an.
Israeldik eta Ekialde Hurbileko herrialde arabiarretatik etorritako musikari gazteek beren musika-prestakuntza bizikidetza eta aberastasun giroan garatzeko tailer gisa hasi zen guztia. Gaur, orkestra hori nazioarteko erreferente bat da musikaren bidez bakea eta tolerantzia bezalako balioen defentsan. Baremboinen esanetan, orkestra bizitzarako eskola bat da. “Bakea lortzea da gu guztion erronka”, dio Gorka Hermosak. “Zuzendariarengandik hasi eta interprete guztiok lan horretan ari gara buru belarri”.