Hiru protagonista nagusi ditu idazlan eder honek: Miguel Servet, aragoitar humanista, sendagile eta teologoa, Sebastián Castellio, bere defendatzaile sutsua eta Juan Kalbino, Ginebra osoan erreformatzaile protestantea eta tirano beldurgarria; hirurak XVI. mendekoak.
Garai honetan erlijio gerrak astindu zuen Europa osoa. Kalbinok tirania latza ezarri zuen, botere absolutua eskuratu eta bizimodu puritanoa eramatera behartu zituen denak: festa egunak kendu, musika eta artea debekatu eta noski, autoritatearen kontrako kritika guztiak gaitzetsi. Bere agintearen sekretua, historiagile baten esanetan, izua izan zen. Despota honek egiten eta agintzen zuen guztia Jainkoaren izenean zen, gainera, Jainkoaren interesak defendatzeko.
Intolerante honi aurre egin ziona Miguel Servet izan zen. Sendagile eta teologo honek bat egin zuen Eliza erabat berritzea eskatzen zutenekin eta Aita Santuaren hierarkiaren nagusitasunari uko egiten ziotenekin. Parisen egin zituen bere medikuntza eta teologia ikasketak eta gero Lyonen lanean jardun. Historiara pasa zen biriketako zirkulazioa aurkitu zuelako. Hirutasun Santuaren dogma ukatzeagatik eta bataioa helduaroan egin behar zela defendatzeagatik, katolikoek nahiz protestanteek kondenatu zuten. Hainbat herrialdetan bizi izan zen inkisizio beldurgarriari ihes egin ahal izateko. Kontzientzia askatasunaren eta tolerantziaren aitzindari izan zen Miguel Servet, humanista osoa, erradikala zentzu onean, arrazoimenaren bidez egia bila ibili zena, erreferente etikoa alde guztietatik.
Luis Aranalde:
"Fanatikoak pentsatzen du berak bakarrik daramala egiaren argia"
Bere defendatzailea Sebastian Castellio izan zen, hau ere humanista petoa. Kalbinori aurre egin zion. Honek laster bidali zuen erbestera eta bere erreinu ilun hartatik urrundu. Kalbinoren kontrako diskurtso horietako batean honela zioen: ”Jainkoaren izenean, errespeta ezak nire libertatea eta salaketa faltsuez ez zikindu nire izena. Hik eta nik maitasun konpromisoari eutsi behar zioagu. Gizon bat hiltzea ez duk inoiz dotrina bat defendatzea izango, beti izango duk gizon bat hiltzea”.
Handik denbora pixka batera, Kalbinok Servet harrapatu eta atxilotu zuen. Epaiketa labur baten ondoren, herio zigorra ezarri zion eta ez nolanahikoa, sutan erretzea. Pentsa zein krudela zen Kalbino, egurrak heze samarra izan behar zuen torturak ahalik eta gehien iraun zezan. A zer psikopata! Orduan eta orain, egiaren jabe absolutua izateak ez dio bizikidetzari mesede egiten, intrantsigentzia edo intolerantzia sustatu baizik.