Beste agur bat

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2023ko urr. 4a, 07:47

Duela hilabete pare bat, nire iloba Anderrek esan zidan nirekin hitz egin nahi zuela bere hileta-agurra prestatzeko. “Nire osaba zara, nire irakasle izan zara eta nire lagun zaitut. Nire azken agur hori zuk zuzentzea nahi nuke”. 

Berehala garbi utzi zidan zeremonia horrek laikoa izan behar zuela, zibila. “Ez naiz sinestedun”, esan zidan. Ni buru izan nintzen hileta batzuetan parte hartu zuen (bere aitonarenean, duela ia urtebete bere osabarenean) eta zerbitzu hori prestatzeko egokia ikusten ninduen nonbait.

“Laikoa, baina, espiritualtasunak bere ‘txokoa’ izan beharko du bada errito zibil horrek, ezta?”, galdetu nion. “Noski”, erantzun zidan. Berak zioenez, bere bizitzan zehar alderdi espiritual horrek garrantzi handia izan zuen beti, gogo handiz landu zituen giza baloreei dagozkien maitasuna, enpatia, solidaritatea eta bizitzaren zentzua.        

Agurra zeremonia hori prestatzerakoan San Agustinen testu bat proposatu nion. Honela hasten da: “Heriotza ez da ezer. Ni aldameneko gelara joan naiz. Ni neu naiz eta zu zeu zara. Bata bestearentzat ginena, halaxe izaten jarraitzen dugu. Zain naukazu. Ez nago urruti, bidearen beste aldean bakarrik. Haria ez da eten. Berriz ere aurkituko duzu nire bihotza”. San Agustinen testu honekin guztiz bat zetorrela esan zidan. Beste irakurgaia Usurbilgo Joxean Artzeren poematxo bat zen eta honela amaitzen da: “Bizi naizeño, bizia kantatuko dut”. Testu hau ere gustatu zitzaion, baina San Agustinena baino gutxixeago. Zeremonian kantatu behar ziren abestiak ere aukeratu genituen.

Nire iloba Anderrekin izan dudan azken topaketa hau, nire bizitzako bizipenik eder eta aberasgarrienetakotzat jotzen dut. Heriotzaren aurrean zerion bakea, sosegua eta argitasuna, niretzat energiaz, esperantzaz eta bizitzari konfiantzaz atxikitzeko ‘txute’ bat izan zen. Gure agurrek, erlijiosoak nahiz laikoak, dena esaten dute munduan egoteko dugun moduaz.

 

Luis Aranalde:

"Gure agurrek, erlijiosoak nahiz laikoak, dena esaten dute munduan egoteko dugun moduaz"

 

Azken agur horiek orain arte kristau kredoak gobernatuta egon dira, ospatu dira, monokoloreak izan dira. Orain aldiz, ikusiz zein jende klase hurbiltzen den gure hiletetara, gero eta gehiago utzi beharko ditugu pulpituak alde batera eta beste estilo xumeago, gertuago eta konpartituago bat erabili. Niretzat, agur zibilak erlijiosoak bezain sakratuak dira. Ekimen edo errito bat ez da sakratua Jainkoaz hitz egiten delako, maitasunaz, enpatiaz eta solidaritatez jantzita dagoelako baizik.

Ni traje eta gorbataz jantzita nengoen zeremonia horretan eta bertara hurbildu zen jende piloak (gazteak batez ere) ez zituen batere faltan bota ohizko alba, estola eta kasuila.

Arrazoi du Koldo Aldai pentsalariak: “Ez nire agurra, ezta zurea ere, ez nagusi den kredoarena edo bere faltarena, baizik denok (sinestedunok eta sinesgabeak) elkartuko gaituena baizik, eta batez ere, guztiok esperantzaz jantziko gaituenaren agurra behar dugu”.

Facundo Cabral kantautore handiaren hitz batzuekin amaitu genuen gure ospakizuna: “Miguel joan zaigu (guretzat Ander), baina ez dugu inor galdu. Aurreratu egin zaigula soilik, harantz baikoaz denok. Baina berak zuen gauzarik ederrena, maitasuna, gugan dago”.