Unibertsitatean bertan hasita zegoen giza eskubideen alde borrokatzen; fisika eta ingeniaritza ikasten zituen garai hartan. Hiru hamarkada badira eskubide berdinak eskatzen dituela irandar guztientzat eta aldi berean Irango errepublika islamiarraren giza eskubideen urraketak salatu.
Giza eskubideen defentsan ateratzeagatik prezio handia ordaintzen ari da, ia dena galdu du: lana, askatasuna eta osasuna. Bere bi semeak ikusteko eskubidea kendu diote, batez ere, hazten ikustea. Bikiak dira, 16 urtekoak eta zortzi urte badaramatza ikusi gabe. Parisen bizi dira beren aitarekin. Sarituak Iranen gelditzea erabaki zuen, izan ere, “onuragarriagoa izango da herriarentzat eta”, dio bere senarrak. Erregimen iraniar hau teokratikoa da eta ayatola (erlijioan adituak diren erlijiosoak) ultra kontserbadoreek presiditzen dute. Une honetan emakumeen espetxean dago Mahommadi, “Estatuaren kontrako propaganda” zabaltzeagatik, diote agintariek. 1998an kondenatu zuten lehen aldiz, eta geroztik Erregimen iraniarrak 13 aldiz atxilotu du, 5 aldiz kondenatu guztira 31 urteko kartzela zigorra eta 154 zigorrada ezarri dizkio. Demokraziaren, hauteskunde libreen eta herio-zigorraren abolizioaren alde ere aritu da lanean buru belarri. Mohammadik hasiera batean bere protesta jarduera hori estatuko ingeniaritza lanarekin eta kazetari bezala eguneroko kolaborazioarekin bateratu zuen.
Luis Aranalde:
"Giza eskubideen defentsan ateratzeagatik prezio handia ordaintzen ari da. ia dena galdu du: lana, askatasuna eta osasuna. Bere bi semeak ikusteko eskubidea kendu diote"
Une honetan, Irango egoera giza eskubide arloan beldurgarria da.Teokrazia (Jainkoaren izenean agintzea) guztiak dira oro har negargarriak, Irangoa agian okerrena, makurrena. Adibide batzuk: duela gutxi, Mahsa Amini neska gaztearen hilketaren urtebetetzea gogoratu dute Iranen. Kartzelan eraila izan zen beloa behar bezala jantzita ez zeramalako. Horren aurkako protestetan 500 manifestari hil dituzte, 12 urkatuak izan dira, 18.000 atxilotuak. Protestak hasi zirenean, Ammanik bere hiyaba edo estalkia kartzelako patioan beste emakume preso batzuekin batera erre zuen.
Lehen ere idatzi nuen foro honetan, hiyaba edo beloa janztea ez duela Mahomak eskatzen, ez dela Koranaren agindu bat. Matxismo madarikatuak jarritako tradizio bat besterik ez da. Emakumeak gizonezkoaren objektua izan behar du eta bere mendean egon. Hori badakite Irango emakumeek eta ideologia nazkagarri horren aurka borrokatzen dute. Hain zuzen, aurtengo A.Sajarov saria, goian aipaturiko Amini erailari eta Iranen giza eskubideak defendatzen dituen emakume taldeari eman zaio duela egun batzuk. Zalantzarik gabe, nahi duten bezala janzteko eskubidearekin bakarrik ez dira baretuko emakume irandarrak. Libertate guztiak eskuratu nahi dituzte. Mohammadiri eta beste emakumezko borrokalari horiei ebanjelioko zorionbide hura aplikatuko nieke: “Zorionekoak justiziaren gose eta egarri direnak, aseak izango baitira”.