Ez dakit Joxe Arregiren “Argiaren atarian” (Umbrales de luz) web orria ezagutzen duzuen. Oraingoan bere gogoetan oinarritzen naiz nire hausnarketatxoa egiteko. Bi testigutza apartak dakartza. Hain zuzen, bi judutarren iritziak Israelek aurrera daraman basatikeria lotsagarri horri buruz.
Bata Michel Warschawskirena da. Idazlea eta kazetaria da, bakearen aldeko mugimenduaren eta Israelgo ezkerraren figura, okupazioaren eta kolonizazioaren aurka konprometitua. “Gerra-krimenetatik haratago joan gara: gizateriaren aurkako krimen baten aurrean gaude Gazan”. Bere ustez, Nazioarteko Zigor Auzitegiak esku hartu behar luke. Oso kezkatuta dago Israelgo gobernu estremistaren zoramenarekin. Israelek du konponbidearen gakoa: lurralde okupatuetatik erretiratzea. Gazako bi milioi pertsona horiek eskubideak dituzte, existitzeko, arnasa hartzeko.
Michel Warschawski idazle israeldarraren esanetan, "gizateriaren aurkako krimen baten aurrean gaude Gazan”
Bestea Maoz Inonena da. Bere gurasoak 70 urtetik gorakoak ziren. Hamasek su eman zion beren etxeari eta bertan erre zituen urriaren 7an. Hau esan du Maozek: “Negar egiten dut denbora guztian. Egunero egiten dut negar. Baina ez dut negar egiten nire gurasoengatik bakarrik, nahiz eta haur gutxik maite izan dituzten gurasoak nik bezainbeste. Negar egiten dut gerra hau berehala gelditu behar delako, odol isurketaren espiralak eta sarraskien gurpilak amaitu behar dutelako”. Harrigarriena zera egiten zait: horrelako negargarrikeria jasan ondoren, inongo gorrotorik ez dela nabaritzen bere kontaketan. Are gehiago: Kontsolatzen duen gauza bakarra da bizi izan ziren bezala hil zirela: elkarrekin. Eta, ziur dakien gauza bakarra omen da ez zutela inoiz mendekurik nahi izango. Bere ustez, Hamas desagerrarazteko modu bakarra “itxaropena ematea da. Itxaropena da daukagun arma eraginkor bakarra”. Eta itxaropen horrek ezin du beste oinarririk izan: lurralde eta gizarte partekatuaren printzipioa baizik. Eta hori defendatu omen du azken 25 urte hauetan zehar. Batzuek inozo samarra dela esaten diote. Baina bere ustez ez da zentzugabea. Inozoak dira, bere ustez, gerrak zerbait konponduko duela pentsatzen dutenak.
Hausnarketa honen hasieran aipatutako Madoukh palestinarraren poemaren zatitxo batekin amaitu nahi dut. Honela dio: “Itxaropenaren sugarrari esker / existitzen da Gaza, / ezohiko pazientziari / eta adore eredugarriari esker. / Gazak bihotza zabalik du / borrokaz, irribarrez, / duintasunez eta itxaropen handiz. / Gaza, zure zoriona pertsegituko duzu / oraindik ere hazten ari diren zure olibondoekin”.