Erreakzioak ere agudo asko agertu dira. Munillarentzat, pastoral karitateak bekatari garen guztiok bedeinkatuak izatea eskatzen du, baina ez gure bekatua bedeinkatzea; “ez dugu bekaturik bedeinkatuko”. Garbien hitz egin duena El Ejidoko parrokoa izan da: “Nirekin ez dezatela konta bekatu mortalean daudenak bedeinkatzeko. Elizaren Tradizioa arimen salbamenaren bila dabil, eta ez familia hausten eta genero ideologia zabaltzen dabilenarekin. Kontzientzia objekzioaren aldeko deiak ere egon dira. “Joan daitezela pikutara!”, esan dute apaiz erreakzionario batzuek. Halere, gehiengo handi batentzat pauso txiki bat izan da: badirudi emeki-emeki Eliza inklusibo baten bidean gaudela. Erabaki honek Eliza katolikoan nabaritzen dugun LGTBI fobiaren aurka borrokatzen lagunduko digu ene ustez.
LGTBI kolektiboarentzat adierazpen hau ez da nahikoa, oraindik ere pertsona homosexualak eta egoera irregularreko bikoteak gutxiesten ditu, bedeinkapenak ez baitira sakramentalak. Bedeinkazio horiek bigarren mailakoak dira, ezkutuka bezala emanak. Nolabait esateko, festarik gabeko bedeinkapenak. “Eliza katolikoaren bedeinkapen papurrak bakarrik merezi al ditugu, bada?”. Kolektibo honetako arduradun batek “apartheid” neurri bat dela ere esan du.
Luis Aranalde:
Badakizue zenbat miresten dudan aita santu hau. Leonardo Boff teologoak esan zuen “Frantzisko hautatua izatea mirari bat izan zela”
Bikote egonkorra duen batek honela zioen: “Dezepzioz irakurtzen dut bikote homosexualen bedeinkazioari buruzko oharra. Zer pena dotrina sozial hain ona duen Aita Santu batek gu ez hartzea heterosexualen pareko pertsonatzat! Eliza honek dezepzionatu egiten du beste behin”.
Badakizue zenbat miresten dudan Aita Santu hau. Leonardo Boff teologo handiak esan zuen “Frantzisko hautatua izatea mirari bat izan zela”. Hala eta guztiz ere, gauza bat esango nieke aipaturiko erabaki hauek hartzen dituzten elizgizonei: Itun Berrian dagoen esaldirik iraultzaileena agian honako hau da: “Jainkoa maitasuna da eta maite duen oro Jainkoagan dago eta Jainkoa harengan”. Edonork ulertzen duenez, maite duen oro (homoa, heteroa, transa, sinesteduna, sinesgabea, ezkondua, ezkongabea eta abar) Jainkoarengan dago, eta Jainkoa harengan. Beraz, zein haiz hi, esango nioke bedeinkatu nahi ez duen arduradun erlijioso horri: Jainkoaren maitasuna merezi dik eta hirea ez? Gai honetan eta beste guztietan, San Joanen esaldi paregabe horretatik abiatu behar luke elizak gaurko mundu honi mezu itxurazko bat eman nahi badio.
Aita Santuak esan zuen ea zein zen hura pertsona homosexual bat juzgatzeko. Geroztik hamar urte pasa dira pauso txiki hau eman ahal izateko eta horrek elizaren baitan mugimendu serio eta handi bat eskatu du. Baina oraindik ausardi handiagoa eskatzen zaio gure Elizari.