Oro har aldare ondoko organoan jarduten naiz, baina egun berezi horretan koroan daukagun organo monumentalean: Espainiako handiena, 8.426 erregistro ditu, ehunka doinu konbinaketa erabil ditzaket. Bitxi bikaina. Nik dakizkidan pieza ederrenak jo nituen Joan Mariren (horrela deitzen genion soilik) oroimenez eta ohorez.
Berarekin harreman estua izan nuen musika zela medio. Santo Tomas Lizeotik jubilatu nintzenean, berehala deitu zidan katedraleko gotzain ospakizunetan musika arloaren ardura har nezan. Elkarrizketa kuriosoa izan genuen. “Zure lan berri hau kristau konpromiso gisa hartzea nahi nuke”, esan zidan. “Gratis et amore”, esan nahi zuen, hau da, musu-truk. “Ez dakit badakizun, Joan Mari, esan nion, baina, parroko, koro zuzendari eta organo jole bezala ez dut inoiz sosik kobratu. Irakasle soldatatik bizi naiz eta ez dut besterik behar. Beraz, katedraleko ekonomiak ez du nozituko. Doan jardungo naiz”. Bere irribarre sinpatiko harekin erantzun zidan: “Scio qui credidi”, hau da, “badakit norekin fidatu naizen”.
Luis Aranalde:
"Nik dakizkidan pieza ederrenak jo nituen Joan Mariren (horrela deitzen genion soilik) oroimenez eta ohorez".
Hiru alderdi azpimarratuko nituzke Uriarteren profilean: oso gertuko harremana, izaera irekia eta herrian sakonki txertatua. Añorgako Parroko naizenez, ezin dut ahantzi nire lagun Joxe Antonio Pagolarekin izan zuen jarrera “Jesus, hurbilketa historikoa” afera zela eta. Hain zuzen ere, Pagolaren liburu hori Vatikanoak kondenatu egin zuen eta Gotzain gehienek Erromako jarrera defendatu zuten. Uriarte Pagolaren defentsan atera zen. Ez zuen zalantza ttipienik izan. Azkenean, inkisidoreek galdu egin zuten eta Pagolak irabazi. Inkisidore bat bera ere ez zen izan gai Pagolari barkamena eskatzeko, publikoki behintzat. Beharrean ikusten zuen orori lagundu zion, hots, aterperik gabekoei. “Ezin zen ohe goxo batean sartu, besteak hotzez zeuden bitartean”, esan zuen Fernando Prado Gotzainak.
Uriarteren ibilbidean komunikabideek gehien nabarmendu duten lana izan da bakegintza. Horretan jardun zen buru-belarri bere adierazpenek eta idatziek islatzen duten legez. “Bakea prestatu” idazkia kaleratu zuten gure Gotzainek eta besteak beste ETAren indarkeria desagertu behar zela azpimarratzen zuten, baina baita segurtasunaren mesedetan giza eskubideak urratzeko arriskuaz ere ohartarazten zuten. Bake prozesuak porrot egin zuen eta 1999an ETAk su etena hautsi zuen. “Zaplada itzelak jaso ditut bakea lortzen laguntzeko egindakoagatik”, zioen Uriartek elkarrizketa batean.
Amaitzeko, foro honetara ekarri nahi nuke 1978an ETAk erail zuen Jose Maria Portellen alargunak Uriarteri idatzi dion gutunaren zatitxo bat. Honela dio Carmen Torres Ripak: “Bakardadearen gau latz hartan iritsi zitzaidan zure karta. Motza eta samurra zen. Halako berotasunarekin Jainko gizon batek bakarrik idatz zezakeen. Juan Mari, atseden har ezazu bakean, Herri hau baketzen eta kontsolatzen hainbeste egin duzun horrek”.