Martiri harrobia

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2024ko api. 24a, 08:11

Gaza eta Zisjordania martiri harrobi bihurtu dira. Martiri hitza grekotik dator eta testigu edo lekuko esan nahi du. Musulman hauentzat, Alaren erlijioaren etsaien aurka egindako borrokaren ondoriozko heriotza da. “Gure morala gorenean dago, izan ere jendeak bere babesa eta laguntza ematen baitigu. Alarentzat eta jendearentzat bizi gara”, dio errefuxiatu kanpo batean dagoen gazte batek bere subfusila eskuan duela.

1948an beren lurraldeetatik kanporatuak izan zirenen ondorengo bat da gaztetxo hau. Adibidez, Yeninen, hiri nagusietako bat, ez dago paretik borrokan erori diren horietakoren baten argazkirik gabe. Haientzat, “martiriak” dira, hau da, Alarengan duten fedearen testigu, Alaren interesak defendatzeko bizia emateko prest daudenak. Hogei urteko miliziano batek honela zioen duela gutxi: “ Borrokalari hauek martiri bihurtzen dira eta horrek poztu egiten gaitu. Familia guztietan dago horietakoren bat”.

Jainkoaren alde bizia emateko prest dauden hauek gero eta gazteagoak dira Islama erlijioa nagusi den lurralde horietan. Ferial deitzen den palestinar emakume batek 14 urteko bere seme baten argazkia erakusten du. Dron batek hil zuen. Amak kontatzen duenez, behin honela esan zion bere mutikoak: "Zu nitaz harro sentitzea gustatuko litzaidake ni martiri bezala eroriko banintz”. Beste ama batek honela zioen: “Martir izatea aukeratu zuen eta bai lortu ere. Bedeinkatua izan bedi Alá”. Haurrak ikastetxetik irteten direnean dozenaka hilobirekin topo egiten dute, gehienek hildakoren baten argazkia buru dutelarik eta fusil bat eskuan. Gune horretan edo antzekoetan, muturreko indarkeriak haurrengan duen eraginarekin oso kezkatuta dago maisua. Biolentziazko egoera horrek gaztetxoen psikologia asko aldatu du. Handitzen direnean ea zer izan nahi duten galdetzen diezuenean, “martiri” erantzuten dute

 

Luis Aranalde:

“Gazako gazteak eta erbesteratuak nazioartera joan dira berehalako su-etena eskatuz. Nork entzungo ditu gazte horien eskaerak? Haiek dira Palestinako etorkizuna eta haien ahotsak entzun behar dira”.

 

Ismael Haniyeh Hamasen buruzagietako bat da. Duela gutxi Israelgo armadak bere hiru seme eta bi iloba  hil zituen. “ Goraipatua izan bedi Alá, zioen, nire hiru seme eta bi ilobaren martirioaren bidez eman digun ohore honengatik. Baina galera horien bidez, itxaropena, etorkizuna eta askatasuna sortzen ditugu gure herriarentzat”. Musulman hauentzat, lurralde horietan egiten ari diren guduari  “gerra santua” deitzen diote, “jihad” beren hizkuntzan. Eta gerra santu horretan hiltzen direnentzat Alak emango dien saria ez da nolanahikoa. Martiri horiek Jainkoaren sei bedeinkazio jasoko dituzte: “Bekatu guztien barkamena; bere lekua erakutsiko zaio paradisuan; hilobiaren frogatik salbuetsia izango da; azken epaian ez du beldurrik pasako; bere aurrean duintasunezko koroa bat jarriko zaio; hirurogeita hamabi birjinekin ezkonduko da”. Beste txosten baten arabera, martiriak Jainkoaren zazpi bedeinkapen jasoko ditu eta beste  iturri batzuek diotenez, bederatzi edo hamar.

Ekialde Hurbileko kazetari batek dio: “Gazako gazteak eta erbesteratuak nazioartera joan dira berehalako su-etena eskatuz. Nork entzungo ditu gazte horien eskaerak? Haiek dira Palestinako etorkizuna eta haien ahotsak entzun behar dira”. Gaztetxo eta gazte horiek bizia nahi dute eta hori bakean, anaitasunean, eta ez Alaren promesak direla eta zerura lehenbailehen joatea. Engainatuak izan dira. Penagarria!