Frantziako zinemaldiak film klasikoei eskaintzen dien atalean proiektatua izango da maiatz honetan. “Cannes Classics” sailean botako dituzte, besteak beste, Abel Ganceren “Napoleon” pelikula kolosala, Charles Vidorren “Gilda” ospetsua eta Jacques Demyren “Les parapluies de Cherbourg” (Cherbourgo aterkiak). Azken bi hauek ikusita dauzkat. Zein baino zein ederragoak. Pentsa ze erakusleihoa gure Tasiorentzat!. Zinemaren historian egin diren pelikula handienen parekoa. Hemen ez dago oraindik bere komertzializazioa finkaturik; Frantzian datorren urtean zabalduko dute zinema guztietara. Eta Cannesko saioaren ostean, Donostiako Zinemaldian emango dute.
Pelikularen argumentua oso sinplea da. Tasio Urbasa mendilerroko Nafarroako herri txiki batean bizi zen. Zortzi urterekin lanean hasi eta 14rekin ikazkin bihurtu zen bere aita bezala. Heldua bihurtu zenean, ikazkintzari ezkutuko ehiza gehitu zion. Nahiz eta inguruko askok lan seguru baten bila alde egiten zuen hirira, Tasiok nahiago zuen bere askatasuna mantendu eta mendian bizi. Pelikula pertsonaia erreal batean oinarritu zen: Anastasio Ochoa Ruizengan (Tasio), ikazkin eta ezkutuko ehiztaria. 1989an hil zen.
Montxo Armendarizen esanetan, “ezkutuko askatasunari buruzko pelikula da, arauen eta konbentzioen kontra dagoen isileko libertatearen gaineko filma. Gehien interesatzen zitzaidana zen Tasiok zuen duintasuna eta harrotasuna gizartearen aurrean, nahiz eta atzerakoi itxura ematen zuen. Tasiok defendatzen zuen gizakiak naturarekin behar duen harmonia.40 urte pasata konturatzen naiz atzera egin dugula bi esparrutan batez ere: ingurumena izugarri hondatu da: basoak suntsitu, zuhaitzak moztu. Giza espeziearen eta naturaren arteko oreka kolokan jarri dugu eta neoliberalismoarekin dena merkatu bihurtu. Tasiok hau ikusi izan balu, ez dakit zer pentsatuko zukeen”.
Luis Aranalde:
"Zineman aditu diren askoren ustez, opera prima hau da agian bere filmik ederrena. Nire iritziz, “Secretos del corazón” Tasio bezain bikaina da"
Hamabi urte nituen Urbasara lehen aldiz joan nintzenean: Altsasuko kaputxinoen ikastetxetik irten eta egun bikaina pasatzen genuen mendian. Orduan ezagutu nuen Urbasako mendilerroaren edertasun berdea. Montxo Armendariezek dotorezia horixe atzematen du bere irudiekin. Zineman aditu diren askoren ustez, opera prima hau da agian bere filmik ederrena. Nire iritziz, “Secretos del corazón” Tasio bezain bikaina da.
“Tasiok zentzu handia hartzen du gaur egun, kontsumotik eta materialarekiko menpekotasunetik jaitsarazten laguntzen digu. Nolabait, engainatuta bizi garela erakusten du”. Ea Cannesko festibalean arrakasta handia izaten duen. Biziki opa diot.