Ez dute aurpegirik ematen

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2024ko eka. 19a, 07:43

Ekainaren 6an, Normandiako lehorreratzearen 80.urteurrena ospatu zen. Prentsa osoa ahalegindu zen gertakizun hori kontatzen. 1944ko ekainaren 6an aliatuak lehorreratu ziren Frantziako  hondartzetan. Inoiz ez zen horrelako inbasiorik gertatu eta nazien erregimenaren  amaiera suposatu zuen. Zorionez hango hondartzak, bunkerrak, paraje dotoreak bisitatzeko aukera izan nuen duela urte batzuk. Eta zoritxarrez, azken bolada honetan esango nuke gehiegi aipatzen ditugula gerrak, ia modan daudela.Euskaraz bada esaera bat: “Izena badu, bada”, hau da, izena duena existitzen da. Nire tesia da kritikoak izan behar dugula gerraren aurrean, edozein dela ere eta batez ere, eragileekin eta onuradunekin.  

Okerrena da, guduak sortzen dituztenek ez dutela, oro har, aurpegirik ematen. Armadaren atzealdean ibiltzen dira. “Plebea  bidaltzen dute, herri xumea, pobreak, kainoi haragia (inoiz ez hobeto esanda), eta beraiek eta ingurukoak, ahal bada, gatazka lekutik urrun ibiltzen dira”. (Mikel Etxebarria) Antzinako lider gerrariek aurpegia ematen zutela diote batzuek.Harritzen naiz. Gaztea nintzelarik eta Altsasun Humanitateak ikasten nituenean, Julio Zesarren “de bello gallico” landu genuen, non Galiako gudua kontatzen duen. Dotore asko idatzitako kronika zazpi tomotan jasota dago. Milaka ordu behar dira horrelako literatura obra bat sortzeko. Diktadore hari ez zitzaion denbora askorik geldituko bere soldaduekin guduan parte hartzeko. Esan zidatenez, Napoleonek  ere bere ohoretan  armadaren batailak kontatzen pasatzen omen zuen denbora.

Une honetan munduan gerra gatazkak 20tik gora izango dira, batzuk besteak baino mediatikoagoak. Garai klasikoetan bezala, galde diezaiogun geure buruari “cui prodest”, hau da, zeinen mesederako dira? Ziur ezetz gerra jasaten eta sufritzen dutenentzako. Eta baietz armamendua fabrikatzen dutenentzako, gatazkak bizirik mantentzen saiatzen direnentzako, armak saltzen dituztenentzako. Negozio hau ankerra bezain emankorra da.

 

Luis Aranalde:

"Duela egun gutxi Shimon Peres eta Mahmud Abbasen  arteko besarkadaren 10. urtea oroitu zuen Aita Santuak. Begira orain nola dabiltzan Palestina eta Israel. Hori zela eta, honela zioen Frantziskok: “herriek bakea nahi dute, baina zoritxarrez gerrara ohitzen ari dira”

 

Gatazkak erabakitzen dituztenek borrokatu behar lukete beren artean, kronista batek dioen bezala: “Sar daitezela ring batean eta bietako bat erori edo hil arte aritu daitezela mutur joka eta gainerakook utz ditzatela bakean”. Azken batean, eta balantza batean pertsonen biziak jarriaz, zer axola dio mugen zehaztasunak? Denak dira asmatuak. Inor ez da mundu honetako ondasunen (itsasoak, mendiak, basoak, lurrak eta abar) jabe. Titularra humanitatea da. 

Duela egun gutxi Shimon Peres eta Mahmud Abbasen  arteko besarkadaren 10. urtea oroitu zuen Aita Santuak. Begira orain nola dabiltzan Palestina eta Israel. Hori zela eta, honela zioen Frantziskok: “herriek bakea nahi dute, baina zoritxarrez gerrara ohitzen ari dira”. Oinezkook gure familiarekin bakean bizi nahi dugu, seme-alabei solidaritatea eta senidetasun baloreak erakutsi erakutsi nahi dizkiegu... Enfrentamenduei ez, beti egoistak eta miserableak baitira. Gerraren eragileak ez dira frontera joaten. Besteak doaz.