Hariak

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2024ko uzt. 12a, 08:04

Duela gutxi berri pozgarri bat irakurri nuen. Europako nazio talde batek Gipuzkoako 'Hariak' sarea aukeratu du erreferente bezala nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko erabili dituen baliabideengatik.

Europako elkarte horretan bost herrialdek kolaboratzen dute: Danimarka, Austria, Irlanda, Belgika eta Portugal. Bost Herrialde horien artean 'Korale' sarea sortu zuten eta Gipuzkoako Hariak erakunde horretan integratuta dago. Beren eta hemengo ordezkari nagusiak ekainaren 19,20 eta 21ean elkartu ziren Donostian. Gipuzkoa aitzindari deklaratu dute,nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko elkarte hain egokiak eratzeagatik.

Gipuzkoan 55 urtetik gorakoen artean bostetik bat bakardadean sentitzen da, baina ehuneko bostek bakarrik aitortzen du garbi (honek adierazten du ze estigma dagoen errealitate honen inguruan) eta 16tik 19ra arte lautik bat. Gaurko gizartearen erronka nagusienetako bat da nola borrokatu nahi ez den bakardadearen aurka. Askok “epidemia” deitu diote egoera latz horri eta errealitate hau “gelditzeko etorri da”, kronikoa bihurtu da. Fenomeno hori, adituen esanetan, gazteen artean ere gehitzen doa. Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Adinberri erakundeek “hariak” estrategia duela bi urte jarri zuten martxan.

Programa edo proiektu honen helburua da gure lurraldeko pertsona guztiek eskura izatea pertsonak, egiturak, jarduerak, laguntzak eta tresnak bakardade egoerak prebenitzeko, horiei aurre egin eta laguntzeko. Lotura sozial eta afektiboak izatea. Horretarako, adituen ustez, funtsezkoa da administrazio publikoen, gizarte erakundeen, enpresen eta beste eragile askoren kolaborazioa. Estrategia horren gune nagusia adinekoak eta zahartze prozesuak dira. Gipuzkoako gizarte osoari zuzenduta dago, belaunaldien arteko elkartasuna oinarrizkoa baita.

Luis Aranalde: "55 urtetik gorakoen artean bostetik bat bakardadean sentitzen da"

Hariak Gipuzkoa osorako estrategia komun baten eraikuntza da, hainbat erakunde eta eragilerekin lankidetzan. Halaber, azken bi urteetan erakunde publikoekin eta gizarte antolatu osoarekin egindako parte-hartze prozesu zabal eta bizi baten emaitza da.

Nazioarteko arduradunekin egin zuten batzar nagusi horretan parte hartu zutenen artean Eider Mendoza zegoen eta “autokonplazentzian ez genuela erori behar, baizik denon artean soluzio bat ematen saiatu behar genuela”, zioen. Gurutz Linazasoro neurologoak bere aldetik “proiektu global batean gaude; arazo honi irtenbide bat ematea gizarte osoaren lana da”. Gautenako Joakin Fuentesentzat inportantzia handia du desiratu gabeko bakardadeak duen estigma ezabatu eta gauza hauez garbi hitz egiten saiatzeak. Josu Elberdin musikariak musikaren garrantzia nabarmentzen zuen: “Oso polita da gazteek eta helduek koro batean kantatzea, hariak ehotzeko leku aproposa baita”.

Federico Garcia Lorcak honela definitzen zuen desiratu gabeko bakardadea: Bidelagun higuingarria (“compañera detestable”). Asanblada nagusi horretan bildutako ororentzat, nahi gabeko bakardadearen kontrako antidotorik onena ondo kohesionatutako gizarte bat eraikitzea da.