Zergatiaren arrazoiak ez dauka zerikusirik erromatarren filosofia horrekin, alderantziz hain zuzen. Erakunde honek sekulako lana egiten du arma nuklear guztiak desager ditzagun, arma nuklearrik gabeko mundu bat eraiki dezagun. Gainera, ez da lehen aldia aurkezten dela: 2005ean Bonbardaketaren 60. urteurrena zen eta saria irabazteko hautagai nagusietako bat izan zen.
Nihon Hidankyo erakunde hau 1956ko abuztuaren 10ean sortu zen, 1945ean Estatu Batuak Hiroshima eta Nagasakiren aurka botatako bonbetatik bizirik atera zirenen konfederazio japoniar gisa. Armen kontra borrokatzeaz gain, biktimentzako konpentsazioak eta laguntzak lortzen biziki aritu dira.
Luis Aranalde: "Talde hau Hiroshima eta Nagasakin jaurtitako bonba nuklearretatik bizirik atera zirenek osatzen dute eta behin eta berriz arma horiek abolitzeko eskatzen dute"
Epaimahaiaren esanetan, erakunde honek erakutsi du “testigantzen bitartez, munduak ez lukeela berriz arma nuklearrik erabili behar”. Talde hau Hiroshima eta Nagasakin jaurtitako bonba nuklearretatik bizirik atera zirenek osatzen dute eta behin eta berriz arma horiek abolitzeko eskatzen dute. Gogoan izan, bi bonba haiek ia 200.000 pertsona hil zituztela segundo gutxitan. Eta bonba haiek petardo batzuk besterik ez ziren gaurko nuklear buruekin konparatuta. 13.000 lehergailu nuklear baino gehiago daude bederatzi bat naziotan eta lehergailu horietako bakoitzak Hiroshimakoak halako mila indar du. Pentsa ze txikizio gertatuko litzatekeen horiek botaz gero. Gizartearen edo gutxienez agintari batzuen zentzugabekeriak ez du neurririk.
Nobel Batzordeak, besteak beste, hau oroitarazi digu: 1945ean mugimendu global bat sortu zela Hiroshima eta Nagasakiko bonbardaketaren ondoren. Laurogei urte hauetan ez da beste arma nuklearrik erabili. Saria abenduaren 10ean iritsiko zaie: diploma eta 900.000 mila euro.
Sari hau jaso ondoren, gure hitzek eragin edo pisu handiagoa izango dutela uste dute, erakundearen ordezkariaren esanetan. “Gu zahartzen ari gara, bataz besteko adina 85 urte ingurukoa da. Baina hurrengo belaunaldia badugu” azpimarratu du taldeko ordezkariak. “Ni gerraren aurka nago”, nabarmendu du. Erakunde honen beste zereginetako bat bonba atomikotik bizirik atera zirenen oroimena gordetzea da, haien kontakizun eta legatuen bilduma zehatza eginez.
Bukatu aurretik, bi gauzatxo gogorarazi nahi nizkizueke. Bata: beste behin ere foro honetan esan nizuen euskaldunok ere badugula Bakearen Nobel Sari bat. René Cassin hain zuen ere. Baionan jaioa, abokatua eta Giza Eskubideen Azalpen Unibertsala berak idatzi zuen Bigarren Mundu Gerraren ondoren. Bestea: iazko Nobel Sariaz idatzi nuen NOAUA!n. Irango neska aktibista bati eman zioten: Narges Mohamadiri. Emakumeen eskubideak defendatzen biziki ari den kolektibo baten buru da. Lehengo urtean kartzelan zegoen saria eman ziotenean eta bere kalbarioak berdin jarraitzen du.