Ametsa amesgaizto bihurtzeko arriskuan?

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2024ko aza. 27a, 08:09

Filadelfiako hiria, non  duela 248 urte jaio zen Amerikako Estatu Batuetako demokrazia, azaroaren 6an antsika eta begirada tristez esnatu zen. Bertan, %80ak Kamala Harrisi  botatu zion. Baina abantaila zabal hori ez zen nahikoa izan  Donald Trumpen garaipena oztopatzeko Pentsylvaniako estatu erabakigarrian,ezta ere bere itzultzea Etxe Zurira.

Trumpen garaipenak, aditu askoren ustez, Estatu Batuek eskuinera jo duela islatzen du eta onartzen duela baita ere “irainetan, mehatxuetan eta gezurretan” oinarritutako politika egiteko era. Eta oraindik ere larriagoa agian: karrera horretan lagundu egin diote nahiz eta 34 deliturengatik kondenatua izan den eta leporatzen zaizkion beste hiru epaiketa, horietako bat Capitolioari eraso egitea bultzatzea.   

Aurreko ostegunean irakurtzen nion Roberto R. Aramaiori, ideia moralen eta politikoen historiagilea, Trumpen kontu hori “desinformazioaren, ezberdintasunaren eta etsipenaren garaipena izan dela. Ukrainako inbasioa berretsiko du eta baita ere Netanyahuren gerra espiral zoro hori”. Eta jarraitzen du Aramaiok: “inozokeriaren inperioa dei genezaken errealitate hori eraikitzen jakin du”. 

Emakumearen irudia duen “askatasuna mundua argitzen” deritzan estatuari gaur malkoak darizkiola esan dezakegu. Herri baten askatasuna argituz, Ameriketako Estatu Batuak  beti izango dira bizitza hobe baten bila portu hartara iristen ziren milioika etorkin haien sehaska. Soilki askatasunaren lurralde baten bila zebiltzan. Ziur aski ez da ez askatasunarentzat une oso egokia. Trumpen garaipenak uzten duen panoraman askatasunaren damak defendatzen dituen giza baloreen kontrakoak agertuko dira.

Luis Aranalde. "Trumpek Nazareteko Jesusen ebanjelioaren giza baloreak bere komenentzia pertsonal eta politikorako aldatu ditu"

Besteak beste, erlijio eta etika gaiak jorratzen ditudanez foro honetan, ezin dut alde batera utzi Trumpen garaipen horretan erlijioak izan duen eragina. Bere burua erlijiosotzat jotzen du. “Kristau protestantea naiz. Kristautasunarekin erlazio ona izan dut beti. Nire erlijioa miresgarria dela uste dut”. Atentatua izan zuenean Jainkoari esker bizirik atera omen zen. Hauteskundeak irabazi baditu, Jainkoak aukeratu duelako izan omen da. Baina azaroaren 5eko hauteskundeetan lortutako garaipenean funtsezko papera jokatu dute, erabakigarria ez bada, ebanjeliko fundamentalista zuriek. Horietatik %82ak hautagai errepublikanoa babestu zuen. Beisboleko txanoen leloetan irakur zitekeen: “Jesus nire salbatzailea da”, “Trump nire presidentea”, “Jainkoa, armak eta Trump”. Aurreko bi hauteskundeetan ere babesa eman zioten. Hori da paradoxa! Kristautasunaren perbertsiorik handiena! “Gezurraren apoteosia” deitu dio politikari batek. Nola daiteke ordea, 73 milioi pertsonak botoa berari ematea?  Trumpek Nazareteko Jesusen ebanjelioaren giza baloreak bere komenentzia pertsonal eta politikorako aldatu ditu. Trump bezalako politikari arrazista, homofobo, matxista, islamofobo batek ezin du esan ebanjelioaren baloreen defendatzailea denik, bereak juxtu alderantzizkoak baitira. Amerikarren aukera guztiz errespetatzen dut, nola ez bada, baina ezin dut ulertu. Amerikarren askatasun ametsak ez ote dira amesgaizto bihurtuko?