Solidaritatean masterra

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2025ko urt. 22a, 07:25

Abenduaren 13an aldakatik operatu ninduten. Dena oso ongi atera da eta errehabilitaziorako seminarioko apaiz jubilatuen egoitzan gela polit bat eskaini didate. Bertan hilabete pare bat pasatzeko asmoa dut.

Arduradunengan konfiantza osoa jarrita etorri nintzen eta ez dute nirekin huts egin, alajaina! Erizainak, emakumezkoak nahiz gizonezkoak, zein baino zein egokiagoak: adeitsuak, gertukoak, profesionalak goitik beheraino. Ez dut ikusi aurpegi txar bat oraindik, alderantziz, gozo-gozo tratatzen gaituzte, gaixo bakoitzaren arrarotasunak eta maniak ahalik eta egokien pairatuz. Zaintzaile hauengan profesionaltasuna eta bokazioa sumatu ditut. Hainbesteko entrega eskatzen duen lan hori ezin da egin itxurazko soldata bat irabazteagatik bakarrik. Beste balore batzuk ere landu behar dira derrigorrez.

Lekuko izan ditudan giza balore horien haritik, abenduaren erdialdera berri bitxi bat irakurri nuen: Legorretako bikote batek odol emaile bezala urrezko ezteiak ospatzen zituela. Alegia,berrogeita hamar urtez bizia erregalatzen musu-truk, dohainik, debalde. Gaurko gogoeta albiste honen gainean egin nahi nuke.

Gipuzkoako odol-emaileen elkartea 1964an sortu zen eta biziak salbatzen jarraitzen du. Badirudi doan emandako odola jasotzea eskubide bat dela, baina hori ez da horrela izan. Garai batean oso jende gutxiren esku zegoen odola jasotze hori, luxu handia zen. Egun, guztion eskubidea dela esan dezakegu: besteen odola jaso eta bizitzen jarraitzea guztiz normaltzat hartzen dugu.

Luis Aranalde: "Inoiz baino gehiago beharrezkoagoa dugu doako ekimen sozialaren indarra"

 

Legorretako bikote solidario hau Axunek eta Mielanjelek osatzen dute. Solidaritatearen gene hau DNAn daramate nonbait eta hori bera transmititzen jakin dute. Beren seme-alabak ere zain zeuden 18 urte noiz beteko aitaren eta amaren filosofiari jarraitu eta odol-emaile bihurtzeko. Lauren artean 120 litro odol eman dituzte. "Behin ematen hasi ginen eta ez gara gelditu, gure artean tradizio bat bihurtu da", dio Mielanjelek. Inoiz huts egin badute, 'bekatu bat' egin balute bezala sentitzen omen dira. Esaldi horrek sekulako grazia egin dit. Ekimen honen garrantziaren mezua garai batean postontziz postontzi edo ahoz aho zabaltzen zen. Orain, batez ere gazteen artean, sare sozialen bitartez egiten da. Solidaritatean ohorezko matrikulaz graduatuta dagoen bikote honen filosofia biziki soila da. Gure ekimen honek bi gauza adierazi nahi ditu: batetik, osasun bikaina daukagula; eta bestetik, odola emanez bizia salbatzen dugula eta askoren osasuna hobetu.

M.L. Kingek honako hau esaten zuen: "Bizitzaren galderarik iraunkorrena eta larriena hau da: zer egiten ari zara ingurukoen alde?". Hain zuzen ere, herri baten duintasuna bere boluntariotzari ematen dion garrantzian neurtzen omen da: zerbitzuan, altruismoan, solidaritatearen eta doakoaren kulturan.

Lehen ere aipatu izan dut foro honetan nire lagun zahar Joxe Agustin Arrieta. Honela zioen duela gutxi: "Mundu nahiko hotz eta merkantilizatuan bizi gara. Horregatik inoiz baino beharrezkoagoa dugu doako ekimen sozialaren indarra". Ea bada, ospatu berria dugun Gabonetako solidaritatearen izpirituak gure kontzientziak berpizten dituen.