Egiak aurpegira

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2025ko ots. 19a, 07:12

2025eko Urtarrilaren 20an Donald Trump AEBetako 47. Presidente bezala inbestitu zuten. Une berean bere bigarren agintaldiari ekin zion. Zeremoniaren parte handi bat ikusi nuen. Baina, gogoeta honetan inbestiduraren jarraian gertatu zena azpimarratu nahi nuke: ospakizun erlijiosoa, han ikusia eta batez ere, entzun genuena.

Bi protagonista: Donald Trump eta batez ere, Mariann Budde, emakumezko gotzaina eta berak zuzentzen ditu Washingtongo katedral Nazionaleko ospakizun erlijiosoak. Han zeuden lehen lerroan Trump eta bere emaztea Melania, beren familiaz eta amerikar jauntxoz inguratuak. Hantxe entzun behar izan zuten gotzainaren homilia historikoa.

Mariann Budde agurgarriak 65 urte ditu, Washington DCko Gotzain Elizaren 86 kongregazio eta 10 eskolen eta Maryland estatuko lau konderriren buruzagi espirituala da.Bere elizako Washingtongo gotzain karguan dagoen lehen emakumea da, eta, ziurrenik, munduko anglikanoen artean liberalenetakoa. Gainera, historialaria, ama eta amona da.

"Errukia" eskatuz hasi zuen bere hitzaldia: "Presidente jauna: milioiek zuregan jarri dute beren uste ona, zutaz fidatu dira. Eta atzo esan zenuen bezala, maitasunezko Jainko baten esku probidentziala sumatu omen duzu. Jainkoaren izenean eskatzen dizut errukia izan dezazula gure herrian beldur den jendearentzat ", esan zuen Buddek. Eta jarraian: "Badira gure artean pertsona gay, lesbiana eta transexualak, eta familia demokrata, errepublikar eta independenteak, eta horietako batzuk beldur dira".

Migratzaileak ere ez zituen ahantzi: "Uztak biltzen dituen jendea, gure bulegoak garbitzen dituena. Jatetxeetan jan ondoren ontziak garbitzen dituztenak. Eta ospitaleetan gaueko txandetan lan egiten dutenak. Baliteke herritarrak ez izatea, edo dokumentazio egokia ez edukitzea. Baina migratzaile gehienak ez dira kriminalak".

Trump protestante presbiterianoa da, eta Biblia omen du libururik gogokoena. Sermoiaren ondoren ez zen pozik agertu, eta bere sare sozialetan gotzainaren aurka idatz izuen: "Komentario desegokiekin, sermoia aspergarria izan zen, eta oso inspirazio gutxikoa. Berak eta bere Elizak publikoki barkamena eskatu behar dute". Bistan denez, Gotzainak adierazi zuen ez zuela inolaz ere egingo.

Duintasunaren eta ausardiaren irudi paregabea izan da Mariann Budde gotzaina. Eta amaitzeko galdera bat: Eliza katolikoan noizko apaiz eta gotzain emakumezkoak?