Konbertsio terapiak

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2025ko mar. 19a, 00:04

Duela aste batzuk homosexual baten testigantza irakurri nuen; agi denez, konbertsio terapia bat jarraitu zuen. Honela zioen: “ Ez gara gaixoak, ez gara bekatariak, ez ditugu familiak suntsitu nahi. Ez gara ez alferrak eta ez gaizkileak. Sei hilabetez komentu batean sartu ninduten 20murteko mutil batekin maiteminduta egoteagatik. Manipulatua izan nintzen. Terapia hori tortura bat izan zen, eta jasanezinezko sufrimendu horretan ez dago laguntzarik, ez askatasunik, tratu txar ugari baizik”.

Sexu bihurketako edo konbertsio terapia gai honek sekulako iskanbila eragin du eta hautsaldi galanta harrotu bai Elizan eta baita gizartean ere. Terapia horiek homosexualen sexu orientazioa aldatzera bideratutako metodo sasi zientifiko batzuk dira, ea heterosexualak bihurtzen diren, alegia. Eta historian zehar frogatu denez, ez dute ez sendatzen, ezta ezertxo erreparatzen ere, bizitzak hondatu besterik ez. Karla Delgado, lehen Senatari transexualaren esanetan, terapia mundu horretako gazteen suizidio saioak asko ugaritu dira.

"David Armenterosen ustez, konbertsio terapia hauek ondorio penalak izan behar dituzte"

Gai honen aurrean, Eliza katolikoan bi jarrera nabarmendu dira. Metodo hauen alde daudenak zazpi Elizbarruti gutxienez badira. Hauentzat, homosexualitatea bekatu denez, ahalegindu behar da pertsona horiek heterosexual bihurtzen. Beren propagandaren eta publizitatearen arabera, konbertsio hori errealitate bihurtzeko, kastitatean bizitzea eta egunero praktika erlijiosoak egitea da, besteak beste. Horretaz gain, biblia irakurtzea, egunero errezatzea, mezetara joatea eta konfesatzea aholkatzen dute. Horrela, “zure genero bereko pertsonengan bilatzen duzun maitasuna Jainkoak ematen dizun maitasunak ordezka dezan”. Elizbarruti hauetatik agertu dutenez, terapiak ziurtatzen du praktika horiek modu jarraituan eginez gero, homosexualitatea “konpon” daitekeela. Hori frogatzeko, ustezko homosexualen adibideak ematen dituzte, homosexualak izateari utzi omen ziotenak alegia. Jarrera honi buruz honela zioen David ArmenterosLGTBIko lehendakari ordeak: “ Elizaren sektore batek katoliko homosexualak berriro armairuan sartu nahi dituzte”.

Beste jarrera, Bartzelonako Omella eta Madrilgo Cobo artzapezpikuena da. Hauen testigutzak biziki poztu nau “Egoitza Santuak edo Erromak tratamendu hauek gaitzetsi zituen duela urte batzuk”, diote, eta “ez da denbora asko, Frantzisko Aita Santuak prelatu edo apaiz nagusi talde batekin egindako bilera batean praktika horiekiko kezka berretsi zuela”.

Bestetik, gizarte zibilak gogor gaitzetsi ditu metodo lotsagarri eta kaltegarri hauek. Ana Redondo, Berdintasunaren ministroak, bere ministerioan errefusa edo arbuia agertu du. Eta konkretuki, oso gogor gutxietsi duena zera izan da: Zenbait parrokiatan Elizak pertsona homosexualei jaunartzea ukatzea. “Ekimen hau alde guztietatik diskriminatzailea da”, dio. Goian aipaturiko David Armenterosen ustez, konbertsio terapia hauek ondorio penalak izan behar dituzte.