Duela ia hogeita bi mende Adriano enperadore erromatarrak esan zuen: “Homo sum et nihil humani a me alienum puto” (gizona naiz eta pentsatzen dut gizatasunari dagokion ezer ez zaidala arrotz). Bergogliok ere horrela pentsatzen zuen zalantzarik gabe: musika Bachena, Haendelena, Benito Lertxundirena, Beatlesena, Lady Gagarena edo San Remoko Festibalean kantatzen dena izan, denak dira gai mundu hobe bat eraikitzeko.
Otsailaren erdi aldera, Frantzisko Aita Santuak berriro ere harritu egin ninduen eta oso positiboki. Italian, eta konkretuki San Remon, 29 artista lehian hasi ziren maiatzaren 13an Basilean (Suitza), Eurovision Abesti Lehiaketan Italia ordezkatu ahal izateko. Bertan bideo mezu bat jaso zuten, non Frantziskok hitz egiten zuen giza bizitzan musikak duen garrantziaz. Aita Santuaren dei hau, bertan zeuden entzuleek sekulako txalo zaparradarekin jaso zuten. Izan ere, bideoan jorratzen dituen ideiak hain bitxiak dira. Musika munduan nabil ni, badakizue, ba guztiz ados natorren musika pedagogia lezio bikain bat da testu hori. Oro har, Italiako festibal hain enblematiko honetarako bake dei larri bat da.
“Musika edertasuna da, dio Frantziskok, bake tresna, herri guztiek hitz egiten duten hizkuntza, pertsona ororen bihotzera iritsi ahal izateko, gizakion elkarbizitzan lagun diezaguke. Eta hau da nire desira handiena: elkar gorrotatu dutenek elkarri eskua ematea, besarkatzea eta esatea biziarekin, musikarekin eta kantuarekin bakea posible dela. Gaur, musikaren bitartez, horixe egiten eta esaten ari zarete”.
Gutun honetan amarentzat ere pentsamendu hunkigarri bat izan zuen. Beronek kontatu eta adierazten zizkion nonbait operen zati batzuk. Armoniaren zentzua eta musikak eman ditzakeen mezuak erakutsi zizkion.
Haurrekin ere gogoratu zen: “hauek ezin dute bizia kantatu, negar egiten dute eta gerren eraginez mundu honetako injustiziekin asko sufritzen dute. Guduek haurrak hondatzen dituzte. Ez dezagun inoiz ahantzi: “gerra porrota bat dela beti”. Agurra esaterakoan, sufritzen dutenekin konektatuta daudenekin gogoratu zen batez ere eta “musika denen bihotzetara iritsi dadila” opa zien, izan ere, “musikak bihotza armoniara ireki dezake, elkarrekin egotearen pozera; musikak anaitasunezko eta justiziazko mundu bat eraikitzen lagun diezaguke. Musika bizitzaren metafora bat da, non besteekin, gizartearekin eta bere legeekin armonian sintonizatu gaitzakeena”.
"Nik esango nuke sinbiosi perfektua zegoela Aita Santuak pentsatu, esan eta egiten zuenaren artean. Horrek eman zion beti agertu zuen barne askatasuna"
Frantziskoren ideia hauen haritik, Daniel Barenboim pianojole eta orkestra zuzendari ospetsuarekin gogoratu naiz. Munduari frogatu nahi izan zion musika gai dela herriak elkartzeko, nahiz eta politikarengatik sakabanatuak egon. Garai eta egoera hartan utopia huts bazen ere, bere lagun Ewuard Said palestinarrarekin gazte orkestra bat sortu zuten: interprete guztiak palestinarrak eta israeldarrak ziren. Eta lehen kontzertua Palestinako lurraldean eman zuten 2005ean. Sinesgaitza bazen ere, lortu zuten erakustea musika bake tresna dela. 2016an ONUk Barenboim “Bakearen mezulari” izendatu zuen.
Norbaitek esan zuen: “Frantzisko Aita Santu hau pop musikaren antzekoa da: bere sinpletasunez konkistatzen du”. Nik esango nuke sinbiosi perfektua zegoela pentsatu, esan eta egiten zuenaren artean. Horrek eman zion beti agertu zuen barne askatasuna. Frantzisko anaia, bi desira zure izaera berri horretarako: eskuratu betiko atsedena eta segi bizia kantatzen.