Leon XIV.aren erronka nagusiak

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde

“Etxeko lanak jartzen aritu gabe, Leon XIV.ak garbi edukiko ditu eta,” dio Jose Manuel Vidalek, Elizak esperantzaz begiratzen du gaur Erromarantz.. Pontifize berriak elkarte katolikoa gidatzea bere gain hartu du.

1- Benetako sinodaltasun bat: Frantziskok sinodaltasun prozesua utzi zigun; ibilbide horrek orain oinarrian lurreratzea eskatzen du: parrokietan eta elizbarrutietan jartzen diren kontseilu pastoralak erabakigarriak izan behar dute eta ez kontsultarako bakarrik. Hitzetatik praktikara pasatzeko garaia da, entzun bakarrik ez, ardurak banatzeko ordua, Jainkoaren herria subjektu aktiboa izan dadin eta ez elizaren bizitzaren eta elizgizonek hartzen dituzten erabakien ikusle bakarrik..

2-Emakumeak eta apaizgoa : “Elizak zor historiko bat du emakumearekin” irakurtzen nuen lehengo batean. Diakonotzari eta apaizgo femeninoari ateak irekitzea oraindik zintzilika dagoen irakasgaia da eta ez da gehiagoko atzerapenik onartzen. Ea gure Aita Santu Leon XIV.ak errealitate bihurtzen duen bataiatu guztien berdintasuna, aldarearen eta misioaren aurrean. Jesusentzat emakumezkoak eta gizonezkoak duintasun eta eskubide berdinak zituzten.

3- Abusuen gai delikatua: abusuena benetako izurritea izan da eta zalantzarik gabeko erantzuna eskatzen du Elizaren aldetik eta honek darama berekin, hasteko, zero tolerantzia, ordain integrala(ekonomikoa ere) eta biktimak gai honen erdigunean jartzea. Gure Aita santuak ezabatu egin behar du hainbeste denboran nagusi izan den isiltasunaren eta zigorgabetasunaren kultura hori. Elizaren funtsezko politika erakundea babestea izan da eta ez biktimak. Zauriak sendatuz bakarrik errekupera dezake Elizak bere sinesgarritasuna

4-Aitasantutzaren konbertsioa: Aita Santu monarka eta absolutistaren garaia amaitu da. Leon XIV.a aitasantutzaren konbertsio baterako deiturik dagoela esango nuke, demokratikoa, zerbitzaria eta erantzunkidetasunekoa izan dadin. Horrela boterea ez litzateke inposatua izango, kidetasunez erabilia baizik. Entzuten eta elkarrizketatzen dakien aitasantutza eta zama hori gotzainekin eta Jainkoaren herri osoarekin konpartitzen duena.

5- Moral sexualaren erreforma: “moral sexualak eguneratu egin behar du errealitatearen argitan”, dio Jose Manuel Vidalek(“religión digital”-aren zuzendaria). Leon XIV.ak gogoeta sakon baten liderra izan behar luke, taburik eta gaitzespenik gabekoa, pertsona klase guztiei lagundu eta denak onartuko dituena, bikote homosexualak eta banandu eta berriz ezkondu direnak barne. Arauetatik harrerara pasa behar du, eta debeku moraletik maitasunaren etikara. Elizan denak kabitzen dira, gay-ak, transexualak eta LGTBIkoak.

"Pobrezian erori direnen babes izan behar du Elizak. Azkenengoak erdigunean jarri behar ditu Aita santu honek eta injustizia guztien salaketa profetikoa hots egin"

6-Txiroen eliza: Robert Prevostekin (Aita Santuaren ponte edo bataio izena)lan asko egin zuen Ana izeneko katekistak zioenez,” Robert pobreen bidelagun izan zen beti eta horrela jarraituko du”. Pobrezian erori direnen babes izan behar du Elizak. Azkenengoak erdigunean jarri behar ditu Aita santu honek eta injustizia guztien salaketa profetikoa hots egin. Horrela bakarrik izango da Nazareteko profetaren jarraitzaile. Bergogliok zioen bezala, Eliza hau munduarentzat ”landetako ospitale” bihurtu behar luke Leon Aita santuak.