Kredorik gabeko etika?

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde

Jose Manuel Sinde hirurogeita zazpi urteko bilbotarra eta Arizmendiarrieta Kristau Fundazioaren buru da. Duela hilabete batzuk idatzi zuen artikulu bat asko gustatu zitzaidan. Goiburuak honela zioen: "Euskaldunak, ateoagoak, baina kristau baloreekin". Parte batean bederen, gogoeta horretan oinarritu naiz zutabetxo hau idazterakoan. "Praktika erlijiosoari" dagokionez, nabari da Euskal herriak aldaketa sakona eman duela.

Iraganean, katolizismoak rol nagusi bat jokatzen zuen gure herriko bizitza sozial eta kulturalean;gaur egungo datuek sekularizazio prozesu indartsu bat islatzen dute. Baina joera hori gora-behera, euskal gizarteak elkartasuna, berdintasuna eta elkarrekiko laguntza bezalako baloreengatik nabarmentzen jarraitzen du. Historikoki, printzipio horiek tradizio kristauari lotuta egon dira.

Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) azken datuen arabera, Euskadi Estatuan desberdintasun ekonomiko txikiena duen autonomia erkidegoa da. Berdintasunarekiko konpromisoa genero-desberdintasunaren eremuan ere islatzen da, 100etik 73,1eko puntuazioarekin, Espainiako eta Europako bataz bestekoaren gainetik. Eta elkartasunari dagokionez, Euskadin asoziazionbimo eta kooperatibismo maila handia dugu. Adibide ikoniko bat: Jose Maria Arizmendiarrietak 1956an sortutako esperientzia kooperatiboa.

Atera dezakegun ondorioa hau da: Euskal herria kasu paradigmatikoa bihurtu dela ,hain zuzen ere, frogatu baitu herri bat aldendu daitekeela erlijio instituzional batetik elkartasuna, justizia eta berdintasuna printzipioak eta baloreak galdu gabe. Fede katolikoak eragina galdu badu ere, berak aldarrikatzen dituen baloreak ondo errotuak daude Euskal herriko kulturan.

"Esan dezagun, ateo eta agnostiko askok bizitzaren ikuspegi humanista dutela"

Sekularizazio prozesu hau XVIII eta XIX. mendeko Ilustrazio mugimenduarekin hasi zen batik bat. Moral autonomoa eta erlijioarekiko independientea hots egiten zuen eta pixkanaka etika laiko edo zibiko batek ordezkatu zuen. Beren ustez, gizarte pluralista eta demokratikoekin koherenteagoa zen moralaren ikuspegi hau. Azken batean, balio partekatu gutxienekoan oinarritua (askatasuna, berdintasuna, elkartasuna, justizia, bakea...), edozein pertsonarentzat baliozkoak direnak, haien fede erlijiosoa, ateismoa edo agnostizismoa edozein dela ere. Ilustratuentzat erlijiorik gabeko humanismoaren ezaugarriak hauek dira batez ere: bizitzaren balioa, libertatea eta bizitza honetan zoriontasunaren bila ibiltzea. Esan dezagun, ateo eta agnostiko askok bizitzaren ikuspegi humanista dutela.

Hari honi jarraituz, duela gutxi Añorgako Parrokiak Facebooken daukan web orrian “ateo bat gizatasunaren eredu” deritzan gogoeta idatzi nuen. Pepe Mugica hil berria zen eta ezin nintzan egon bere ibilbideari buruz zertxobait idatzi gabe. Bere burua ateotzat jo zuen beti, baina Uruguayko Elizak berak azpimarratu zituen “bere dimentsio humanoa, espirituala eta soziala; eta bere ibilbide publikoan bizitza koherentzia , austeritatea eta xumeenekiko konpromisoa”. Behin norbaitek galdetu omen zion ea Frantzisko Aita Santuak eta berak zerbaitetan antzik bazuten eta baietz erantzun omen zuen: ”gizatasunean”. Beste batean honela zioen: “Gaurko politikaren desgrazia badakizue zein den? Filosofia ahantzi eta ekonomia errezetak ematen besterik ez dakiela”. Mugicak zioenez “bizia mirari bat da unibertsoaren isiltasunean eta nahiz eta denetik gertatu zaidan:: kartzelak, torturak eta abar, bizia ederra da eta esker anitz ematen dizkiot”.