Anas Yamal, 28 urteko kazetaria zen eta Israelek hil zuen abuztuaren 10ean. Jada, Israelgo armadak eraildako kazetariak 250 bat badira. Jakin dudanez, hil osteko gutun bat idaztea nahitaezko zeregina bihurtu da Gazan kazetaritzan aritzen direnentzat. “Iragarritako heriotza baten kronika” moduko bat da.
Gaur, Yamalek hil aurretik idatzita utzi zuen mezuaren lerro batzuk konpartitu nahi nituzke zuekin. Ni ez naiz kazetari profesionala, baina afizionatu edo amateur gisa bederen talde horretan sartzen naiz eta eredutzat jotzen dut Amalek egiarekin hartu zuen konpromisoa. Honela hasten du bere gutuna: “Hau da nire borondatea eta nire azken mezua. Hitz hauek zuengana iristen badira, jakin ezazue Israelek lortu duela ni hiltzea eta nire ahotsa isilaraztea”.
Anasek bakea, errukia eta Alaren bedeinkapenak opa dizkie bere gutuna leitzen dutenei. Eta honela jarraitzen du: “Alak badaki nire esfortzu eta indar guztiak gure herriarentzat babesa eta ahotsa izan direla”. Fede apurtezina zuen Alarengan, Alak babestuko zuela bere bizia espero zuen hainbeste maite zuen herrira itzuli ahal izateko, baina, “ez zen nonbait Alaren nahia eta bere dekretua betirako da”.
Kontatzen duenez, sarritan probatu zuen sufrimendua eta galera, baina inoiz ez zuen zalantzan jarri egia den bezala transmititzeko hartuta zeukan konpromisoa. Bere irakurleei Palestina uzten zien, “mundu musulmanaren koroaren harribitxia, mundu honetako pertsona libre ororen bihotzeko taupada”. Sham, alaba maitea, “bere begien argia” zaintzeko eskatzen die eskutitzean, baita bere seme Salah eta ama ere; “bere otoitzak nire gotorleku izan ziren”, eta azkenik Umm Salah emaztea ere: egun eta hilabete luzez separatuak bizi izan dira gerragatik, baina denbora horretan emazteak leial eutsi dio elkarrenganako zuten loturari, “olibondo baten enborra bezain irmo” .
“Hiltzen banaiz, nire printzipioei tinko eutsiz izango da. Alaren aurrean agertzen dut kontent hartzen dudala bere erabakia eta berarekin aurkitzea espero dudala. Zin dagizuet eutsi diodala egiari egin nion promesari eta ez diodala inoiz traizio egin”. Otoitz batez amaitzen du: “O Alá, har nazazu zure martirien artean eta egizu nire odol honek askatasunaren bidea argitu diezaiela gure herriari eta nire familiari”.
"Israelgo armadak Anas Yamal kazetaria hil zuen abuztuaren 10ean"
Norbaiti irakurri nion gizarte bat ezin dela aske izan gertatzen denaren errealitate objektiboa ezagutzen ez duen bitartean eta benetako kazetaritzaren lana hori da hain zuzen: bizi dugun egoeraren berri zintzo ematea, orduan bakarrik har ditzakegu eta erabaki zuzenak. Herritarrak heztea eta informatzeaz gain, kazetaritza zutabe garrantzitsua da boterea kontrolatu eta erakundeetan gardentasuna jartzeko.
Ebanjelioak duen esaldi ikonikoenetako batekin amaitu nahi nuke zutabetxo hau: “Zorionekoak justiziaren gose eta egarri direnak, aseak izango dira eta” (Mt. 5-6). Injustizien aurrean pasiboak ez izateko gonbidapena da esaldi hau eta aldi berean, mundu hobe baten aldeko borrokan buru-belarri jarduteko deia.