Muturreko eskuinaren gorakadaz kezkatuta, alemaniar apezpikuek ez dute bestaldera begiratu, ez dira ezta ere neutraltasun faltsu batean babestu. 1984an Bakearen Nobel Saria eman zioten Desmond Tutú apezpikuari. Lan itzela egin zuen Hego Afrikako apartheid sistemaren kontra. Bere esanetan, “injustizia egoera baten aurrean neutrala bazara, jakin ezazu zapaltzailearen alderdia aukeratu duzula”.
Horregatik, Alemaniako Treveriseko bikario nagusiak behin eta berriro errepikatu zuen: “Eskuin muturreko alderdiak ezin dira jarduera politikorako gune izan guretzat, kristauontzat”. Argi eta garbi adierazten du Alemaniako Elizak eskuin mutur xenofobo eta arrazistarekiko lotura guztiak hausteko duen erabaki irmoa. Baina ez ziren hor gelditu, eta urrats bat harago joan ziren. Fededunei zein fededegabeei adierazi zieten alderdi horietako afiliazioa ez zela bateragarria Elizako lanarekin. Stefan Hesse, Hamburgoko gotzainak esan zuen, eskuin muturrekoen arrakasta ikusiaz: ”ezin gara besoak gurutzatuta gelditu, partidu batek demokrazia apurtzen duen bitartean”.
"Eskuin muturreko alderdiak ezin dira jarduera politikorako gune izan guretzat, kristauontzat"
Jesus Matinez Godo bilbotar teologoa da. Antiguako Pastoral Barrutian bi hitzaldi eman zizkigun duela urte batzuk. Ez da denbora asko irakurri niola honako hau beste teologo baten hitzak aipatuz: “Zoritxarrez, estatu espainolean eskuin muturreko eta kristau mugimendu integristen artean akordio berri bat sortzen ari da, non gorroto diskurtsoak zabaltzen ari diren eta hori ebanjelioarekin kontraesan garbian dago”.
Jesus Martinez apaizak Espainiako gotzainei eskatzen die Voxeko militanteak botatzeko Elizako erakundeetatik Alemaniako gotzainen jarrera imitatuz. Baina, Espainiako Elizaren sektore batzuk ez dute disimulatzen talde hauekiko duten sinpatia, haiekin flirtean ibiltzen direnak ere badira. Batzuen ustez, Elizaren jarrera hain argia eta zehatza balitz, Voxek ez ote lituzke boto gehiago lortuko? Hain zuzen ere, horixe gertatu zen Alemaniako azken hauteskundeetan gotzainen jarreraren ostean. Ezer berririk ez eguzkipean.
Voxek eta eskuin indarrek inmigrazioa satanizatu egiten dute eta kristau batek ezin du arrazakeria hau onartu. Gertakizun honen aurrean, kristau askoren ustez Espainiako gotzainek ausartagoak izan behar lukete eta ez hain “epelak” ebanjelioarekin koherenteak izan nahi badute. Zergatik gure apezpikuek ez dute alemaniar beren gotzain kideen etsenplua jarraitzen, Voxengandik aldenduz eta beren militanteak Elizako ardura pastoral guztietatik botaz? Oraintxe dute aukera ederra.